Legazpin 80 urtetik gorakoen eguna da gaur
Udalak Buztintegi eta Nagusilan elkarteekin batera, festa prestatu die, eta 170 inguru legazpiar adindu bildu ditu bazkarian, Azokan. Urtero bezala, omenaldiak izan dira.
Legazpin 80 urtetik gorakoen eguna da gaur, udalak eta Nagusilan eta Buztinegi elkarteek antolatuta. Ohi bezala, mezarekin hasi da ospakizuna, eta ondoren bazkaria egin dute Azokan, 170 lagun elkartuta. Juntadizoa Alaitasuna errondailaren doinuez lagunduta amaituko da.
Herriko pertsona adinduenen urteroko topaketa izan da gaurkoa gaurkoa, eta omenaldiz beteta egon da beste behin. Bazkaldu aurretik egin dituzte omenaldiak, urte gehien batzen zituen bikoteari, gizon adinduenari eta emakume adinduenari.
Omendutako bikotea 92 urteko Pio Sanzek eta 87 urteko Amelia Guruziagak osatutakoa izan da, 96 urteko Angeles Munduate izan da emakume adinduena, eta 90 urteko Juan Aguado gizon adinduena. Opari bana jaso dituzte Eric Galvez alkatearen eta gizarte gaietako zinegotzi Nerea Lopez de Herediaren eskutik, eta aurreskua ere dantzatu diete.
Bazkaria hasi da ondoren, eta festa amaitzeko, denak kantuan jarri ditu Alaitasuna errondailak.
Eguneko protagonistak
Ohi bezala, urteroko juntadizo honek protagonista bereziak izaten ditu, eta gaurkoen artean Juan Aguado Tena izan da bat, 90 urtekoa. Badajozekoa da jaiotzez, Higuera de la Serena herrikoa, eta alabarekin joan da gaurko festara. Azkoitian 45 urte bizi eta gero, Legazpira etorri zen bizitzera duela 3 urte, emaztearekin batera, baina hura iaz hil zen. Bost seme-alaba ditu.
Angeles Munduate Sagastume izan da beste protagonistetako bat gaurko festak. Duela 96 urte jaio zen Alegian jaioa, baina Legazpin 70-bat urte etorri zen bizitzera, Juan Zabalorekin ezkondutakoan. Aspaldi alargunduta dago, eta hiru seme-alaba, eta bost birloba ditu.
Azken protagonistak 92 urteko Pio Sanz Omat eta 87 urteko Amelia Guruziaga Labaino izan dira. Biak nafarrak dira, Pio Erronkariko, Bidankoze herrikoa, eta Amelia Baldorbakoa, Artabiakoa zehazki. Urte asko daramatzate Legazpin, eta lau seme-alaba dituzte; gaur Isabelek lagundu die bazkarira.
Lau legazpiar hauek Azokan bildutako guztien omenaldia jaso dute.











