Gaintzako San Migel jaiak gaur hasiko dira
Jai giroa jartzen lagunduko dute festetako egitarauko bazkari, afari, txirrindu eta patin igoerek, besteak beste, Goierriko herri garaienean.
Patin eta Txirrindu igoera, aurreko urtean, Gaintzako jaietan.Lide Egizala Gaintzako San Migel festak hasiko dira gaur, 19:00etan eta asteburuan zehar eta asteartean jai giroa izango da nagusi Goierriko herri garaienean.
Gaur txupinazoa, mozorrotuta, jaurtiz emango diete hasiera jaiei gaintzarrek. Ondoren, poteo girotua egongo da Unai Izagirre Attola eta Haritz Garmendia trikitilariekin herri kantu afarira arte. 21:00ean izango da. Lehen egunarekin amaitzeko Ahantzi erromeriak jarriko du gau giroa, 00:00etan hasita.
Asteburu betea
Larunbata izango da egitarau aldetik ekintza gehien egongo diren eguna. Haurren arteko jolasekin hasiko da eguneko jaia, 12:00etan. 16:30ean frontoiko puzgarriekin jarraituko dute. Patata tortilla lehiaketa 19:00etan izango da. Ondoren, 20:00etan, txakolin dastaketak eta pikoteoak emango diote jarraipena. Iluntzean, 21:00etan, Satur musikaria arituko da, eta Trikidantz erromeria 23:00etan.
Igandea bi kirol probekin hasiko da: 11:30ean, IV. Patin igoera egingo dute, eta 12:00etan 41. Txirrindu igoera. Arratsaldean, 17:00etan, zirku tailerra eskainiko da. Jaiarekin amaitzeko mondeju dastaketa egingo dute 19:00etan pilotalekuan. Gainera, arku tiroko erakustaldia ere egingo dute. Egun osoan zehar Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariak arituko dira musika jotzen.
Asteartean, San Migel egunean, berriro jai giroan itzuliko da. Egun osoan zehar Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariak ibiliko dira herria alaitzen. Eguna mezarekin hasiko dute 12:30ean. Ondoren, bazkaria egingo dute Kale Txikin, 14:00etan. Azkenik, 18:00etan toka txapelketarekin amaituko dira aurtengo Gaintzako San Migelak.











