Garraio publikoaren erabilera sustatzeko jardunaldia egin dute Goierri Eskolan
Dinamikak ez ezik, MUGI txartelarekin lotutako izapideak egiteko aukera izan dute batxilergoko ikasleek ikastetxean bertan.
Gaur goizeko jardunaldiko irudia. GGLA Garraio publikoaren erabilera sustatzeko jardunaldia egin dute gaur Goierri Eskolan. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) antolatu dute ekimena, ikastetxeko ikasleen artean MUGI sistemaren eta garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin.
Batxilergoko 75 ikasle inguruk parte hartu dute jardunaldiko ekitaldi nagusian. ‘Misterioa Topo Express-ean’ izeneko escape room-a egin dute, sistemaren abantailak eta garraio publikoa erabiltzeak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko.
Gainera, jardunaldi osoan zehar MUGI txartelaren inguruko stand bat ere izan dute ikastetxean bertan, eta hala, ikasleek zein langileek txartel berriak eskatu, kargatu edota horrekin loturiko hainbat izapide egiteko aukera izan dute.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu eta GGLA presidenteak nabarmendu duenez, garraio publikoa “funtsezko zerbitzua” da gazteen autonomia sustatzeko. Haren hitzetan, aukera ematen die gazteei ikasketetara, lanera edo bestelako jardueretara modu autonomoan iristeko.
Era berean, horrelako ekimenen bidez gazteek garraio publikoaren inguruko ezagutza handitzea eta “txikitatik mugitzeko ohitura jasangarriak” sustatzea bilatzen dutela azaldu du Dominguezek.













