LegazpIN da Legazpiko marka turistiko berria
Legazpi Europako industria turismoaren mapan kokatu nahi du. Herriaren Berrikuntza, historia eta dinamismoa bezalako balioak islatzen ditu. Burdin Festaren barruan aurkeztu zuten.
LegazpIN da herriko marka turistiko berria, «udalerria Europako industria turismoaren barruan erreferente gisa sendotzeko diseinatutakoa». Udal agintariek eta Lenbur Fundazioko ordezkariek aurreko asteburuan aurkeztu zuten herritarren aurrean, Burdin Festaren barruan.
Aurkezpenean azaldu zutenez, «nortasun berri honek udalerriko historia ondare aberatsari balioa eman nahi dio, eta, aldi berean, lurraldea kokatu, talentua erakarri, enpresa jarduera dinamizatu, eta herriaren erakargarritasun kulturala indartzen lagundu».
Legazpi eta industria
LegazpIN marka Legazpiren eta industriaren arteko lotura zuzenetik sortu dela ere azaldu zuten: «IN izendapenak lurraldeari berari eta bertan gertatzen den guztiari egiten dio erreferentzia, berrikuntza, historia eta tokiko dinamismoa bezalako balioak ordezkatuz». Marka turistikoari lotutako logoak, berriz, harridura marka darama amaieran, eta horrek «keinu sinbolikoa egiten dio burdinolako gabiari, udalerriko iraganeko eta gaur egungo industria elementu nagusiari».
Leloa, bestalde, «LegazpIN, industria bizia, mugitzen den herria» da, eta horrekin markarentzako «kokapen sendoa» eraiki nahi izan dute, batez ere Legazpi ERIH European Route of Industrial Heritage deritzan industria ondarearen Europako ibilbidean Anchor Point edo erreferentziazko gune bihurtzeko asmoari begira, Legazpik «industria ondarearen helmuga nagusiak biltzen dituen Europako sarean lekua izateko».
Turismo marka sortuta, «ondarea babes hutsera mugatu beharrean, piztu eta herritar zein bisitarientzat esperientzia bihurtzen duen eredua sustatzen du» udalak.














