San Migelen jiran ekintza sorta zabala dute Lazkaon
Gaur 'Denbora Band' ikuskizuna egingo du Lazkaoko Musika Bandak Arerian. Bihar, JTK eguna eta sagardo dastaketa izango dituzte, eta etzi, Basherri eguna.
Haurrak behorrekin jolasean, 2025eko Basherri egunean. Lide Egizala Lazkaoko herria urriaren 4ko Kilometroak jairako antolaketan murgilduta dago. Hala ere, Sanmigel egunak leku berezia izaten du lazkaotarren egutegian. Horregatik, urtero bezala, eguna gerturatzen doan heinean herrian ekintza ezberdin asko antolatzen dira. Aurten ere, Sanmigel egunaren aitzakian ekintza sorta zabala egongo da.
Bihar arte itxaron gabe, gaur, bertan, Kilometroen harira, Denbora Band Lazkaoko Musika Bandaren emanaldia izango da Arerian, 19:00etan. Oholtzan, bandarekin batera, Joli Paskualena, Xabier Zabala eta Iker Huitzi musikariak arituko dira.
Larunbatean goizetik hasiko dira ekintzak. Eskola-umeen duatloia izango da, 11:00etan. 19:00etan hasiko da jai giroa sagardo dastaketa egongo baita, bitartean, Jundajo txaranga eta Lazkaoko talogileak ere arituko dira euren alea jartzen.
XIV. Basherri eguna
Igandean XIV. Basherri eguna egingo da. Lazkaoko lehen sektorearen azoka egingo dute, 11:00etan hasita. Herriko eskulangileen eta abere postuak, Lazkaoko Ikastolako ikasleen eskutik sagardo eta pintxo salmenta eta Lazkao Txiki musika eskolako trikitilarien saioak izango dira.
Azkenik, 13:00etan, bi saskiren eta Lazkaoko baserrietan erosketak egiteko bonoen zozketa egingo dute.
Egunarekin amaitzeko, mariatxiak egongo dira Orobionen, 19:30ean. Eguraldi txarra egiten duen kasuan plazako frontoian izango litzateke kontzertua.
JTK eguna
Zapatuan, aurrekoez gain, JTK Lazkaun eguna ospatuko da. Jotake elkartea «kale giroa piztea, euskarari eta euskal kulturari bultzada bat ematea eta munduan gertatzen diren injustiziak salatzeko» helburuarekin sortu zen. Larunbatean, herri kirol saioa egingo dute herriko plazan, 11:00etan. Ondoren, bazkaria, 14:30ean.













