Herri kirol norgehiagoka, Lazkaoko JTK egunari hasiera emateko
Zortzi taldek parte hartu dute. Festa giroan egin dute kirolean eta ondorengo bazkaria, eta festa giroarekin jarraituko dute arratsaldean. Haurren duatloia ere jokatu da goizean.
Bosgarren JTK eguna da gaur Lazkaon. San Migel egunaren bueltan «kale giroa pizteko, euskarari eta euskal kulturari bultzada emateko, eta munduan gertatzen diren injustiziak salatzeko» helburuarekin sortutako festa eguna da, JTK Lazkaun elkarteak antolatutakoa. Lazkaoko plaza eta ingurua girotu du festa honek, baita aurretik egin duten haurren duatloiak ere. Bestalde, Kilometroak festaren hurbiltasuna nabaria da herrian, eta horren lekuko, plaza ondoan materiala saltzeko jarri duten mahaia.
Herri kirol norgehiagoka izaten da egun honetako ekitaldi nagusietako bat, eta gaur ere egin da, eguerdian, herriko plazan. Egitaraun jasotakoa baino ordu bete beranduago hasi dira kirolean izena eman duten zortzi taldeak. Hauek izan dira partaideak: Betikok, Lazkaoko Gazte Asanblada, Guantanamera, EH Bildu, Kilometroak, Uztaritze, Olaberriko Gazte Taldea eta Lazkaoko Gaztek. Tokan, koskolak biltzen, txingak eramaten, giza proban eta trontzan aritu dira.
Festa giroan egin dute kirolean eta ondorengo bazkaria, 70 inguru lagun elkartuta, eta festa giroarekin jarraituko dute arratsaldean, San Migel egunaren inguruan antolatutako ekitaldiekin. 19:00etan sagardo dastaketa egongo da, Jundajo txarangaren doinuek alaituta eta Lazkaoko talogileen taloek lagunduta.
San Migel ospatzen bihar jarraituko dute, baserritarrei eskainitako egunarekin. XIV. Basherri eguna da biharkoa, eta Lazkaoko lehen sektorearen azoka egingo dute, 11:00etan hasita. Herriko eskulangileen eta abere postuak, Lazkaoko Ikastolako ikasleen eskutik sagardo eta pintxo salmenta eta Lazkao Txiki musika eskolako trikitilarien saioak ere izango dira. Azoka girotzeko, 13:00etan, bi saski eta Lazkaoko baserrietan erosketak egiteko bonoak zozkatuko dituzte.
Eguna ixteko, mariatxiak egongo dira Orobionen, 19:30ean.













