Igartubeiti hasi da museoaren 25. urteurrena ospatzen
Zumitzezko sagar bat eta garo meta bat eraikita eta ondoren egindako meriendarekin ospatu dute urtemuga. Urriaren 7tik 17ra egingo den Sagardo Astearekin jarraituko dute ospakizuna.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak 25 urte bete zituen pasa den abuztuaren 10ean, eta gaur arratsaldean egindako festarekin hasi da mende laurden hori ospatzen.
Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean izeneko jarduera izan da gaurko festaren ardatzetako bat. Ezkio-Itsasoko eskolako haurrek Itziar de la Granja Zegaman bizi den artisauaren laguntzarekin zumitzezko piezak sortu zituzten apirilean, habia teknika erabilita, eta gaur egindakoak ere gehituta, piezak elkartu eta sagar itxurako egitura eraiki dute elkarlanean.
Bestetik, garo meta ere egin dute, Ezkio bertako Iñaki Alberdiren gidaritzapean.
Ospakiziunari amaiera emateko bertako produktuekin osatutako merienda dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek.
Igartubeitiren 25. urteurrenaren ospakizunak urriaren 7tik 17ra egingo den Sagardo Astearekin izango jarraipena. Hain zuzen, urriaren 7an, Sagardoaren Astearen irekiera egunean bertan aurkeztuko dute gaur egindako zumezko sagar egitura.













