Ormaiztegiarrek harria jaurtitzen duten trebezia erakutsi dute aurten ere
Harrikalarien 29. txapelketa Cristina Canok eta Aritz Maizek irabazi dute, eta Sarak, gaztetxoetan. .San Migel jaien barruan antolatutako ekintza izan da.
Jai nagusien ondoren gehien estimatzen dutena da San Migel gurtzen duena Ormaiztegin, eta gaurko eguna aukeratu dute aurtengoa ospatzeko. Egun osoa ekitaldiz bete dute, goizean goiz hasi eta gauera arte.
Ekitaldien artean, harrikalarien txapelketa da aipagarrienetako bat. Aurten 29. edizioa bete duen txapelketa berezi honetan, Xabin Ezkurdiaren omenezko bigarrena. Harria jaurtitzen trebezia eta indarra erakutsi behar izaten dute partaideek, gaur Gizarte etxearen ondoko zelaian erakutsi duten bezala.
Gizonen artean, 18 herritarrek parte hartu dute, eta Aritz Maizek irabazi du, 1.780 gamoko harri luzezka 28,80 metrotara bidalita; zentimetro gutxi batzuko aldearekin sailkatu da bigarren postuan Urtzi Diez. Emakumeen artean, berriz, 13 partaide izan dira, eta 1.680 gramoko harri borobila urrutien bota duena eta proba irabazi duena Cristina Cano izan da, 14,05 metroko jaurtiketa eginda. Bigarrena, 12,60 metroko jaurtikearekin, Garazi Ramirez izan da. Gazteen atalean, 13 eta 17 urtekoenean, Sara izan da irabazlea.
Toka txapelketa ere egin dute Gizarte etxearen inguruan eguerdian, eta Eneko Maiz eta Mikel Larrañaga izan dira lehen biak gizonezkoetan, Jone Ugarte eta Nagore Ariztimuño emakumezkoetan, eta June Bailek irabazi du gaztetxoen kategorian.
Ekitaldi gehiago
Baina tokan eta harriak botatzen hasi aurretik, mendiko bizikletan ibili dira beste batzuk, Txirrindularien Lagunak elkarteko kideek antolatutako 30. Mendi bizikleta ibilaldiarekin. 09:00etan atera dira partaideak, eta amaieran mokadutxoa eta opariak izan dituzte.
San Andres herri eskolako guraso elkarteak antolatuta, haurrentzako jolasak ere izan dira plazan eta inguruan eguerdira bitartean.
Arratsaldean izango du jarraipena jai egitarauak, eliz atarian egingo den mus txapelketa herrikoiarekin, eta 17:45ean hasiko den patata tortilla txapelketarekin; dozenatik gora bikotek eman dute izena. Arratsaldea girotzeko, gazte asanbladako kideekin karropoteoa izango da 19:30etik 21:00ak ingurura arte. Jarraian, afari herrikoian 434 herritar elkartuko dira plazan jarritako karpan. Ohi bezala, udalak edaria eta sarrerako odolkia eta txorizoa jarriko ditu.
Festa eguna amaitzeko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak girotuko du afalondorena.
[flickr set_id=”72177720335845919″]













