Paella bazkalduta ekin diote bigarren egunari beasaindarrek Porru kaleko festetan
Bertso bazkariaren plater nagusia izan da, bertsoekin batera. Musikarik ez du etenik izango ondoren, goizaldera arte.
Beasaingo gazteek auzolanean antolatuta atzotik ospatzen ari diren Porru kaleko festak bigarren egunean sartu dira, eta paella eta bertsoak izan dira gaurkoari hasiera emateko osagaiak. Paella gazteek prestatu dute, begetarianoentzako aukera eta guzti, eta bertsoez June Aiestaran, Amets Zubizarreta, Itsaso Aizpeolea eta Hodei Zabaleta arduratu dira. Bazkarian 200dik gora lagun elkartu dira, bertsolariak barne.
Bazkalondoan karro poteoa egingo dute DJ Lizarrustirekin, eta 20:30ean Derrumberen txanda izango da. Gauean, 22:00etan, Balantza taldeak joko du, eta 00:00etan, Fresa Morangok. Festa giroa ziurtatuta dute herriko txoko horretara hurbiltzen direnek.














