Hauek dira lehiaketako argazki sarituak
Maddalen Castejon beasaindarrak irabazi du Hitzakideen lehen saria eta Beñat Arribas idiazabaldarrak Hitzakideen bigarrena. Irakurleen boto bidezko saria Noemi Insausti beasaindarrarentzat izan da. Sari banaketa ostegunean, urriak 1, izango da Lazkaoko Biziolan, 19:00etan.
GOIERRIKO HITZAk 21. aldiz antolatutako Udako Argazki Lehiaketak baditu irabazleak. 66 argazki zaletuk parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta hiru saridunen argazkiak eta izenak ezagutzera emateko garaia iritsi da.
Hitzakideen lehen saria Maddalen Castejon beasaindarrak jasoko du, eta Hitzakideen bigarrena Beñat Arribas idiazabaldarrak. Bi sari horien irabazleak HITZAk aukeratutako epaimahai batek ebatzi ditu. Irakurleen saria, aldiz, webguneko boto sistemaren bidez bozkatuz ebatzi da. Noemi Insausti beasaindarraren argazkiak jaso du boto gehien.
Zorionak saridunei eta eskerrik asko partaide guztiei! Hurrengo udarara arte!
HITZAKIDEEN LEHEN SARIA
- Egilea. Maddalen Castejon Agirre (Beasain)
- Argazkiaren izena. Udako zeruan aske
- Argazkiaren azalpena. Parapente bakarti batek Gazteluko zeru epela zeharkatzen du, arratsaldeko argi leunean askatasunaren eta udako abenturaren irudi bihurtuta.
- Saria. Urretxuko Barraskilok eskainitako bi gau autokarabanan bi lagunentzako

Maddalen Castejon Agirrek irabazi du GOIERRIKO HITZAren Udako 21. Argazki lehiaketa ‘Udako zeruan aske’ argazkiarekin.Maddalen Castejon
HITZAKIDEEN BIGARREN SARIA
- Egilea. Beñat Arribas (Idiazabal)
- Argazkiaren izena. Urre koloreko udak urrea balio du
- Argazkiaren azalpena. Azken izpiek urreztatutako paisaian, emakume baten siluetak udara harrapatu du. Paseoan, pasioan. Haizea fandango, belarra arin-arin eta eguzkia agurra dantzatzen. Maleta alboan, bidean aurrera, uda amaitzear da, baina askatasunaren sentipena ez. Urre koloreko uda oroitzapen urre bihurtu zaigu.
- Saria. Olaberriko Zezilionea jatetxeak eskainitako bi lagunentzako otordua (bazkaria edo afaria)

Beñat Arribasen ‘Urre koloreko udak urrea balio du’ argazkiak irabazi du Hitzakideen bigarren saria.
PUBLIKOAREN SARIA
- Egilea. Noemi Insausti
- Argazkiaren izena. Uraren isla
- Argazkiaren azalpena. Suitzako lakurik ederrenetakoa da Bachalpsee. Haren uretan Schreckhorn mendiaren isla ederra ikus daiteke.
- Saria. Beasaingo Foto Alzurik eskainitako 70x50eko argazki handitzea (Kappa euskarrian).

Noemi Insausti beasaindarraren ‘Uraren isla’ argazkia.Noemi Insausti













