Igartzako Monumentu Multzoko argiteria berritu du udalak
Inbertsioa 555.550,76 eurokoa izan da. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruko Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da.
Igartzako jauregia barrutik, argiteria berriarekin.Beasaingo Udala Igartzako Monumentu Multzoko argiteria azpiegitura osoa berritu du Beasaingo Udalak, barrukoa zein kanpokoa. LED teknologia ezarri dute jauregian, zubian, errotan eta inguruko eremuetan.
Udalak azaldu duenez, “udalerriko erreferente historiko eta kultural nagusiaren xarma nabarmentzeko eta azpiegitura energetiko gaurkotua lortzeko” helburuarekin egin du berritzea.
Inbertsioa 555.550,76 eurokoa izan da. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruko Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da.
Lau ardatzetan oinarrituta egin da inbertsioa. Batetik, argiaren intentsitatea eta kolore-tenperatura epelak Igartzako harrizko zein egurrezko egitura historikoak eta arkitektura-xehetasunak era orekatuan azpimarratzeko aukeratu dituzte.
Bestetik, barne argiteriaren diseinu eta konfigurazio aukerei esker, momentuko beharren araberako argia jarri ahal izango da. Eraginkortasun energetikoa ere hartu dute kontuan. Udalaren esanetan, urteko argindar-kontsumoan %40eko aurrezpen garbia lortu da eta 28.765,70 kWh gutxiago kontsumituko dira urtean. “Ondorioz, teknologia berriarekin 8,141 tona CO2 gutxiago isuriko dira”.
Azkenik, kanpoko argiteria berriak argia behar den lekuetara soilik bideratuko du, argi-kutsadura saihestuz eta Oria ibaiko ekosistema babestuz.
Sentsoreak faroletan
Kanpoko bideetako argiterian arreta berezia jarri du udalak. Farola berriek altzairu gortenezko akabera dute, Igartzako historian garrantzitsua izan den burdinari eta herdoilari keinu eginez, eta presentzia sentsoreak dituzte norbait hurbiltzen denean argi-maila automatikoki igo dadin.
Argiteria berriak, udalaren hitzetan, “bidea irekitzen diote eremua gehiago bizi eta gozatzeko aukerei, hala nola, gaueko bisita gidatuei eta udazken zein neguko arratsaldetako kultur ekitaldiei”.














