Legazpiarrek 230 kilo zabor jaso dute Erreka Egunean
Herriko ikasleen ekimenez sortutako jarduera 22. ediziora iritsi da aurten. Saturnino Telleriatik Pastainera bitarteko erreka zatia garbitu zuten 40 inguru herritarrek.
Legazpiko Erreka Egunaren 22. edizioak 40 inguru partaide elkartu zituen joan den larunbatean. Saturnino Telleriatik Pastainera doan erreka tartea garbitu zuten guztien artean, eta 230 kilo hondakin bildu zituzten. Urtero bezala, hondakinak ikusgai jarri dituzte plazan.
Bildutako gehiena latak, plastikozko poltsak eta etxeko beste hondakin batzuk ziren, herrian dauden paperontziak eta edukiontziak erabiliz gero ibaira iritsiko ez liratekeenak .
Udalak eskerrak eman nahi dizkie Urola ibaia garbitzera hurbildu ziren Legazpiko familia guztiei, eta bereziki Olamendi Eskolari, Haztegi Ikastolari eta Nerabeentzako Zerbitzuko neska-mutilei. Katagorri elkarteari ere eskerrak luzatu dizkie, prestatu zuten hamaiketakoagatik, baita Elustondo anai-arrebei ere, hamaiketakoa musikarekin alaitu zutelako.













