Agroekologiatik eragiten hasteko azoka berezia, Ordizian
Urriaren 17an agroekologia oinarri izango duen azoka Ordiziara iritsiko da. Aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak eta gehiago izango dira.
Gaur goizeko aurkezpeneko irudia, Ordiziako Azokan. Izaro Villarreal Datorren urriaren 17an azoka berezi bat hartuko du Ordiziak: Euskal Herri osoko EHKO etxaldeen elikagai-azoka agroekologikoa. Ehkolektiboaren ekimenez onduko dute, baina ez da azoka soila izango, EHKO Euskal Herriko etxalde eta produktu agroekologikoen identifikatzailea aurkeztuko baitute: mantangorria. Tailerrak eta solasaldiak ere izango dira goizean zehar, eta Euskal Herriko agroekologiaren bidean lan egiten duten laborari, eragile eta elikadura espazioen topaleku bihurtuko da Ordiziako Plaza Nagusia.
Ehkolektiboko kideak diren Haizea Bengoetxea eta Eli Pagola laborariek eman dute gaur bertan Ordiziako azokan ekimenaren berri, eta bertan izan dira Maitane Alvarez alkateordea eta Leire Arandia D’elikatuz zentroko ordezkaria ere. Alvarezek azaldu du «pozgarria» izango dela egitasmo hori Ordizian jasotzea: «Oso proposamen interesgarria iruditzen zaigu, Ordiziako azokarekin ere lotura zuzena duena, eta agroekologiaren mundu honetan murgiltzera deitu nahi ditugu herritarrak».
170 bazkide
170 bazkidek osatzen dute EHKolektiboa. Euskal Herri osoan lanean ari diren laborari, eragile eta elikadura-espazioak biltzen ditu sareak, agroekologia elikadura-eredu gisa sustatzeko eta haren inguruan sortutako ekimenak eta harremanak indartzeko. Testuinguru horretan kokatzen da Mantangorria identifikatzailea, eta lau irizpide nagusiren inguruan egituratzen da: maneiu ekologiko ziurtatua, tokikotasuna, giza neurriko etxaldeak izatea eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen aplikazioa. Azken irizpide horri egin dio erreferentzia Bengoetxeak: «Guk agroekologia Euskal Herri mailako mugimendu sozial, ekonomiko eta kultural moduan irudikatzen dugu».
Horrekin batera, elikadura-sistemak azken urteetan hartu duen norabidearen aurrean agroekologia alternatiba gisa indartzeko beharra azpimarratu du Bengoetxeak. Horrenbestez, Mantangorriaren bidez, sareak elikatzen jarraitu, Euskal Herrian agroekologiaren erreferentzialtasuna indartu eta sektorean lanean ari diren laborari eta eragileen arteko aliantzak sendotu nahi dituzte.
Urriaren 17ko egunak, beraz, produktu agroekologikoak ezagutarazteaz gain, eredu horren inguruan ari diren eragileak elkartzeko eta esperientziak partekatzeko balioko du.
EGITARAUA
Urriaren 17an, Ordiziako Plaza Nagusian.
- 9:30. Diana herriko musikariekin.
- 10:00. Azokaren irekiera eta EHKO identifikatzailearen aurkezpena.
- 10:30. Txiki-txoko haurrentzako tailerra: Aldaxketatik Kimuak sortzen.
- 10:30. Solasaldia. Agroekologiatik eraginez: EHKO identifikatzailea, aliantzak eta komunitatea, udaletxeko arkupeetan. Gidaria: Goiuri Alberdi. Parte hartzaileak: Ehkolektiboa, Amillubi, Baserritarren Bilgunea, Bionekazaritza, Biziola, Landare eta Uribe Butroeko Sarea.
Goizean zehar, janari eta edari agroekologikoen dastaketa ere egingo da plazan.












