Beasaingo Jabetze Eskolaren bigarren ikasturtea, hamabi proposamenekin
Ikastaroetan izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da. Berdintasun Sailak doako hiru zerbitzu osagarri eskainiko ditu.
Asmi Molina intersex aktibista. Urriaren 22an izango da Beasainen.Gehitu Beasaingo Jabetze Eskolak ikasturte berriari ekingo dio. Otsailean jarri zuten martxan, eta ekainera bitarteko proposamenen lehen edizio horrek udalaren hitzetan “arrakastaz burutu ondoren”, udazkeneko eta neguko edizioa abiatuko du datozen egunetan, otsailera bitartean.
Ikastaroetan izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da, bihar, udalaren webgunearen bidez. Berdintasun Sailarekin harremanetan jarrita ere eman daiteke izena: 943 08 76 63 eta 688 76 86 08 zenbakietan edo berdintasuna@beasain.eus helbide elektronikoan.
Hamabi ikastaro edo saio antolatu ditu udalak herriko eragileekin elkarlanean, eta Berdintasun Sailak doako hiru zerbitzu osagarri eskainiko ditu.
Hiru helburu zehaztu ditu udalak: ikasteko eta elkartzeko gunea izatea, esperientziak partekatzeko eta elkarri laguntzeko; trebatzeko eta hazteko aukera ematea, autoestimua indartzeko, eskubideak ezagutzeko eta eguneroko zein gizarte-eremurako trebetasunak bereganatzeko; eta gizarte-aldaketa eragiteko tresna izatea, bidegabekerien aurrean kontzientzia hartu eta bizitza pribatuan zein eremu publikoan erabakitzeko boterea eta parte-hartze aktiboa berreskuratzeko.
Ikastaroen egitaraua eta zerbitzu osagarriak
Udazken-neguko ikastaroak
- Polit Zahartzea: Autozaintza aktiboa eta osasungarria. Asteazkenetan (urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10), 10:00etatik 12:00etara, Damazuloan (Oriamendi 18). Gaztelaniaz. Dinamizatzailea: Kontxi Lopez. Norberaren maitasuna eta autozaintza ahalduntze-ekintza gisa lantzeko.
- WikiEmakumeok. Asteazkenero, urriaren 14an hasita, 10:00etatik 11:30era, Aranealden. Euskaraz. Dinamizatzailea: Izaskun Salazar (Aittu Euskara Elkartea). Wikipedian dagoen genero-arrakala murrizteko eta ezkutuko emakumeen ekarpenak ikusgarri egiteko.
- Irakurle Eskola Feminista. Asteazkenetan (urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10), 18:00etatik 20:00etara, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Iratxe Retolaza. Pentsamendu kritiko-feminista garatzeko irakurgaien bidez.
- Biodantza. Bizitzaren erritmoak dantzatuz. Ostiraletan (zortzi saio: urriak 16, 30; azaroak 13, 27; abenduak 11; urtarrilak 8, 22; otsailak 5), 17:30etik 19:30era, Urbietan. Elebitan. Dinamizatzailea: Ana Zurutuza. Musikaren eta mugimendu librearen bidez emozioak eta ongizatea lantzeko.
- LGTBIQ-ren “I”-a ulertzen: Zer da intersexualitatea?. Urriaren 22an (osteguna), 18:00etan, Udal Batzar Aretoan. Gaztelaniaz. Dinamizatzailea: Asmi Molina (Euskal LGBTIAQ+ Behatokia). Pertsona intersexualen errealitatea eta pairatutako diskriminazioak ulertzeko.
- Bizikletaren oinarrizko mekanika. Urriaren 24an (larunbata), 09:30etik 13:30era, Plaza azpiko eremuan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Idoia Elosegi Urteaga. Gurpil-zulatuak konpontzen, balaztak doitzen eta mantentze-lanak egiten ikasteko.
- Intersekzionalitatea eta genero-ijitofobia. Azaroaren 9an (astelehena), 18:00etatik 20:00etara, Batzar Aretoan. Elebitan. Dinamizatzailea: KERA Emakume Ijitoen Elkartea. Emakume ijitoen historia eta eguneroko diskriminazioak ikuspegi feministatik aztertzeko.
- Etxeko elektrizitatea eta erreminten erabilera. Ostegunetan (azaroak 12, 19, 26 eta abenduak 3), 18:00etatik 20:00etara, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Amaia Sara Saenz Escribano. Autonomia sustatzeko eta oinarrizko elektrizitate-lanak segurtasunez egiten ikasteko.
- Orientazio proba Sagastigutian. Azaroaren 14an (larunbata), 10:00etatik 13:00etara, Sagastigutia Parkean. Euskaraz. Dinamizatzailea: GOT / Aizkorri Mendizale Elkartea. Natura, mendizaletasuna eta erabakiak hartzea uztartzeko.
- Migrazio-doluari buruzko tailerra. Asteazkenetan (azaroak 18, 25 eta abenduak 2, 9), 17:00etatik 19:00etara, Damazuloan. Gaztelaniaz. Dinamizatzaileak: Paola Neyra Perez eta Renata Olcese. Migrazio-esperientzia adierazteko eta babes-sareak sendotzeko.
- Xilografia tailerra (Linoleo gainean). Ostegunetan (urtarrilak 14, 21, 28 eta otsailak 11, 18, 25), 18:00etatik 20:00etara, Urbietako Arte Plastikoen Zentroan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Oihana Ugarte Iriarte. Estanpazio-tekniken bidez aldarrikapenak eta sormena lantzeko.
- Gure gorputzaren jabe. Astearteetan (otsailak 1, 8 eta 22), 18:00etatik 20:00etara, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Anne Sanz de Galdeano Legarda (Badakit Sexologia). Zikloak, hormonak, loak, desioak eta osasuna autonomiaz bizitzeko.
Berdintasun Saileko doako zerbitzu osagarriak
- Aholkularitza Juridikoa. Hileko azken asteazkenean (15:00-18:00, Damazuloan) Macarena Mugicarekin (Irule Abokatuak). Doako laguntza juridiko feminista (indarkeria matxista, familia-zuzenbidea, enplegua…).
- Sexu-aholkularitza eta Informazio Gunea. Hilean behin (16:00-19:00, Gaztelekuan) Lahia 3.0-ren bidez. Konfidentziala eta doakoa (sexualitatea, plazera, sexu-orientazioa eta genero-identitatea). Harremana: sexuaholkularitza@beasain.eus.
- Parekatu (atzerriko tituluak homologatzea). Hilean behin asteazkenez (10:00-13:00, udaletxeko sarrerako gelan) BIDEZ BIDE elkarteko Katia Reimbergekin.












