Beasainpediaren deialdia
Herritarrak animatu ditu Beasaingo historia euskal Wikipedian dokumentatzera. Gazteak eta helduak norabide berean jarri nahi ditu.
Beasainpediaren esku orriak, eta Wikipedia ataria, errekurtsoko argazkian.Hitza Aittu! Euskara Elkarteak herritarrak, elkarteak eta ikasleak deitu ditu Beasainpediaren bitartez Beasaingo memoria eta gaur egungo bizitza euskal Wikipedian modu librean dokumentatzera. Gazteak eta helduak norabide berean jarri nahi ditu.
Dei zabala egin die Aittuk elkarte, talde, ikastetxe, gazte zein helduei proiektuarekin bat egin dezaten: «Parte hartzeko bideak amaigabeak dira eta arlo askotatik abiatu daitezke: antropologia, argazkilaritza, kirola, industria, ingurumena edota kazetaritza». Galdera bati erantzuteko jaio zen Beasainpedia, elkarteak azaldu duenez: «Badugu gure historia, baina badago euskara egokian eta denon eskura Interneten?». Beasaingo ondarea, memoria eta herri-bizitza euskaraz eta modu librean euskal Wikipediara eramateko proiektu kolektibo handia da, eta arduradunek argi utzi dute Beasainpedia ez dela amaitutako egitasmo bat: «Aitzitik, oraindik egiteko dagoen guztiak ematen dio zentzua». Elkarte bakoitzaren ibilbidea eta herritarrek urteetan egindako lana sarean dokumentatzea da hurrengo erronka.
Herritarrek beren historia, jarduerak eta erreferenteak dokumentatu ditzakete, eta goi mailako ikasleek ikerketa-proiektuak egin ditzakete herriko historia edo geografia jasotzeko, helduen memoria berreskuratuz eta euren lana euskarazko Interneten txertatuz.
48 artikulu Txikipedian
Dagoeneko hasi dira fruituak jasotzen. Azken hilabeteotan, auzolanari eta herrigintzari esker, biografiak, mendiak, errekak, kaleak eta tradizioak bildu dira Wikipedian. Gainera, herriko eskolekin egindako elkarlanari esker, 48 artikulu sortu dira Txikipedian.
Herritarrak trebatzeko eta parte hartzea errazteko, prestakuntza gune irekiak antolatu dira: asteazken goizetan, WikiEmakumeok saioak; eta asteazken arratsaldeetan, Wikipedia editatzeko saio irekiak. «Gure herriaren ezagutza euskaraz ere sareratzeko eta herritar guztien eskura jartzeko ekimena da hau», zehaztu du Aittuk.












