Igartubeitiren 25. Sagardo Astea aurkeztu dute gaur aldundian
Urriaren 7tik 17ra izango da aurten. Egitarauak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzeztuak eta Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua hartuko ditu. Sagardo Astea Erronka Garbia Ingurumen Jasangarritasun Planaren baliozkotzearekin ospatuko da.
Kizkitza Ugarteburu, Igartubeitiko baserri museoko koordinatzailea; Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Turismo diputatua eta Olatz Mitxelena, Sagardoa Routeko koordinatzailea gaur goizean, Foru Jauregiean egindako aurkezpenean.Gipuzkoako Foru Aldundia Igartubeiti Baserri Museoaren 25. urteurrena ospatzen da aurten, eta beraz, Sagardo Astearen 25. aldia ere bai. Urriaren 7tik 17ra egingo dira Sagardo Asteko ekintzak. Baserriko prentsaketa zuzenean ikusi ahal izateko urteko aukera bakarra izaten da Sagardo Astea, sagar zukua egiteko urteko zita bakarra, hilabete batzuen buruan hartzitu eta sagardo bihurtuko dena.
Edizio honetako programazioa gaur aurkeztu dute Foru Jauregian, Goizane Alvarez Kultura diputatuak, Azahara Dominguez Mugikortasun eta Turismo diputatuak eta Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti Baserri Museoko koordinatzaileak parte hartu duten prentsaurrekoan.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, “Igartubeitiren 25. urteurrena ospatzea gure ondarea ulertzeko eta transmititzeko modu bat ere ospatzea da. Urte hauetan guztietan, baserriak jakin izan du gure historiaren funtsezko zati bat bizirik mantentzen eta belaunaldi berrietara hurbiltzen, esperientziatik, ezagutzatik eta parte hartzetik”.
Alvarezen esanetan, gainera, “Sagardo Asteak aukera ematen digu urtero baserriko kulturari eta sagardoaren elaborazioari lotutako keinu, soinu eta jakintzak berreskuratzeko, baina baita gaur egungo begirada batekin egiteko ere, ingurunea zainduz eta gure tradizioek etorkizuna izaten jarrai dezaten lan eginez”. Zentzu horretan, Erronka Garbia planaren baliozkotzea eta Igartubeitik jardueraren ingurumen inpaktua murrizteko egindako lana nabarmendu ditu.
Autobus zerbitzu bereziak
Bestalde, Mugikortasun eta Turismoko diputatu Azahara Dominguezek azaldu duenez, “funtsezkoa da sagardoaren kulturaren pedagogia egitea ahalbidetuko diguten era guztietako ekimenak babestea”. Horregatik, urte osoan Sagardoa Routek antolatzen dituen ekimenekin lankidetzan aritzeaz gain, urriaren 10, 11, 12 eta 17rako autobus zerbitzu berezia jarriko da Ezkioko Santa Lutzi geltokiaren eta Igartubeiti museoaren artean.
Sagardoa Routekin lankidetzan (Euskal Sagardoaren Ibilbidea), Sagardoaren Astearekin batera, programazio oparoa jarriko da bisitarien eskura urriaren 7tik 17ra, eta sagarraren prentsatzeaz gain, trikiti saioak eta antzerkia egongo dira, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak ikusi ahalko dira, eta Legazpiko Langileen Ibilbidea bisitatu ahal izango da. Urteurren berezi hau komunitatearekin ere ospatu nahi da, eta hala, urriaren 10ean eta 11n, larunbata eta igandea, festa berezia ere egingo dute Igartubeiti Baserri Museoaren eta Interpretazio Zentroaren inguruetan.
Izan ere, asteburu horretan, ospakizunak arratsaldean ere jarraituko du. Ohiko erakustaldiak amaituta, Igartubeiti Baserri Museoan, bi egunetan, bazkaltzeko aukera eskainiko da hala nahi duten bisitarientzat, eta bazkalostea trikitilariek girotuko dute. Bisitan izena eman dutenei zuzendutako eskaintza izango da, eta dagoeneko izena eman duten pertsonekin datozen egunetan jarriko da museoa harremanetan, informazio zehatza helarazi eta zerbitzua erreserbatu nahi duten galdetzeko.
Askotariko jarduerak
Urriak 10, 11, 12 eta 17ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat izango da. Kirikoketa, sagarrak jotzean sortzen den erritmo soinua da. “Sagar joaleak”, Igartubeitik antolatutako eta Juan Mari Beltranek, euskal herriko musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoak, eskainitako lantegi batzuetan sortutako taldeko partaide dira kirikoketa taldeko kideak.
Sagardo Asteak Igartubeiti baserrian bizi izandako pertsonaien bitartez baserria bera ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Hala, urriaren 10ean, 11n, 12an eta 17an, 10:45etatik aurrera, antzezpenak izango dira, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak “Kortaberria familiak XVII. mende hasieran baserrian bizi izandakoa” antzeztuko baitute.
Urriaren 10ean, larunbatean, eguerdiko bazkal ordua girotzeko, Arandia anaiak trikitilarien saioa izango da eta urriaren 11n, igandean, Elustondo anai-arreba trikitilariak arituko dira. Gainera, urriaren 10ean eta 17an Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua eskainiko da gazteleraz arratsaldeko 17:00etan.
Egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek, zenbait erakusketa ikusteko aukera ere izango dute. Interpretazio zentroan ikusgai dagoen “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketak, mendeetan zehar Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura gisa erakusten du baserria. Eta Igartubeitiko sagarrondoetako sagar mota ezberdinen erakusketa ere ikus ahal izango da.
Ingurumen jasangarritasuna
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza departamenduak eta Ihobek bultzatzen duten programa da Erronka Garbia, eta ekitaldiak, diseinatzen diren unetik amaitzen diren arte, modu jasangarrian ospatzea du helburu.
Jardueren programa:
Igartubeitiko dolarea martxan
- Egunak: urriak 7, 8, 9,13, 14, 15 eta 16
- Ordua: 11:30ean
Igartubeitiko dolarea martxan Kirikoketa erritmora
- Egunak: urriak 10, 11, 12 eta 17
- Ordua: 12:00etan
Antzezpenak baserrian
- Egunak: urriak 10 eta 17.
- Orduak: 10:45 gaztelaniaz, 11:15 euskaraz eta 11:40 gaztelaniaz.
- Egunak: urriak 11 eta 12.
- Orduak: 10:45 euskaraz, 11:15 gaztelaniaz eta 11:40 euskaraz
Bazkaria erosteko aukera
- Egunak: urriak 10 eta 11
Trikitilariak:
- Egunak: urriak 10 eta 11
- Ordua: 15:00-16:00
Legazpiko Langileen Ibilbidera bisita gidatua
- Urriak 10 eta 17, 17:00etan
Jardueretarako lekuak mugatuak dira eta aurrez izena eman behar da parte hartzeko.
Izen ematea: 943 72 29 78 / 72 51 07 telefonoetan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean.












