Legorretan Duchenne FM elkartearen aldeko elkartasun asteburua
Ostiralean sentsibilizaziorako hitzaldia izango da. Larunbatean, goiz osorako egitaraua antolatu dute, aisialdia uztartuta.
Iazko artisau azokaren irudia. Lide Egizala Legorretan ohitura bihurtu da urriarekin batera asteburu solidarioa antolatzea; bederatzigarren edizioa izango da, eta aurten, Duchenne Familiak Mugimenduan elkarteari laguntzeko izango da. Duchenne distofria-muskularra duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten duen elkartea da, ikerketa eta gaixotasunaren inguruko sentsibilizazioa bultzatuta.
Kontzientzia hedatzeko lan horretan, urrats sendoa izango da asteburukoa, eta ahalegin bakoitzak helburu berezi bat izango duela aurreratu du ekimenaren antolatzaile den Pikuk elkarteko Aitor Castillak: Duchennerekin bizi diren pertsonen eta haien familien etorkizunean laguntzea. Hala, gaixotasun honi buruzko hitzaldiarekin hasiko dituzte ekintzak, elkartearen gidaritzapean, 18:30ean, Herri Antzokian.
Duchenne muskulu distofria duten haurrei eta haien familiei dibertsioa eta aisialdia eskaintzea ere bada elkartearen beste helburuetako bat, eta horretarako ere izango da tartea larunbatean. Goiz osoko egitaraua antolatu dute. 10:00etan, artisau azoka izango da plazan eta 11:00etan, ohiko lasterketa solidarioa hasiko da. Zazpigarren aldiz jokatuko da, baina ohiko ibilbideak mantenduta. Korrika (7,1km) edo oinez (4km) egin daiteke.
Izen emateak zabalik
Aurreneko 100 partaideentzat kamiseta bana oparituko dutela ere jakinarazi du. Oraingoz, 55 lagunek eman dute izena, baina aste honetan zehar eta egunean bertan partaide gehiago animatzea espero dute antolatzaileek. «Parte-hartzaileetan gorakada nabarmena izaten da azken momentuan», azaldu du Castillak. Parte-hartu nahi duenak oraindik ere izango du izena ematerik, Kirolprobak.com webgunean.
Dortsalak larunbat goizean bertan jasoko dituzte, herriko plazan, 09:45etik 10:45era. Sari banaketarekin amaituko da lasterketa, eta ondoren, musikarako eta gehiagorako tartea zabalduko dute legorretarrek, Pikukada Batukada Taldeak eguerdia girotuta.
XVI. Garagardo azoka ere izango da eguerditik aurrera, Aldapa Haundi kultur elkarteak antolatuta. 13:00etan irekiko dute barra eta 14:00etan bazkaria izango da. Ukondoa, saltxitxak eta postreaz gain, izango da aukera beganorik, nahiz eta beharrezkoa izango den herriko tabernetan eskuragarri dauden tiketak aurrez lortzea.













