Sasieta Mankomunitateak kamioientzako GNK estazioa inauguratu du
Gasolioa ordezkatuko du Gas Natural Konprimituak, eta horretarako kamioi-flota berritu dute. Beasaingo GNK estazioa milioi bat euroko inbertsioa izan da.
Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzuburua, Eider Agirre Goierri Bilketako arduraduna, Leire Artola Beasaingo alkate eta Sasietako presidentea eta Maitane Alvarez Ordiziako alkateorde eta Sasietako presidenteordea, GNK estazioaren inaugurazio ekitaldian.Laida Goiburu Sasieta Mankomunitateak bilketa-kamioiak GNK Gas Natural Konprimituz hornitzeko estazio berria inauguratu du. Sasietan, Beasainen, Iturralde-txikiko industria gunean dago. Uztailaren 14an jarri zuten martxan.
Gasolioa ordezkatuko du Gas Natural Konprimituak, eta horretarako kamioi-flota berritu dute. Hamar gas kamioi daude. Leire Artola Beasaingo alkate eta Sasietako presidenteak azaldu duenez, GNKzko kamioiek 120,4 tona CO2-ren isuria saihesten dute gasolioarekin alderatuta, eta ibilgailu horien isurietan %22,8ko murrizketa lortzen da. Neurri hori hobeto ulertzeko konparaketa bat egin du: “Ibilgailu arrunt batek munduari 25 aldiz bira ematea bezala da, edo bidaiari batek Donostia-Madril artean 700 hegaldi egitea”.
Goierriko airearen kalitatea hobetu eta ingurumenean eragin positiboa dakar aldaketak presidentearen esanetan: “%95 murrizten ditu osasunean eragin zuzena duten partikulen emisioak, eta %85 nitrogeno-oxidoenak”. Motorraren zarata pertzibitua %50 murrizten da diesel motordun kamioi arrunt batekin alderatuta, “eta horrek bilketa-langileen lan-baldintzak ere hobetzen ditu, baita ibilgailu horiek zeharkatzen dituzten hirigune eremuetako kutsadura akustikoa gutxitu ere”.
Hiru urte eta erdiko prozesua
Goierriko hiri-hondakinak biltzeko zerbitzua Goierri Bilketa enpresa-elkarteak kudeatzen du, FCC Medio Ambiente enpresak gidatua. Goierri Bilketako Eider Agirre arduradunak azaldu du 2022an mankomunitateak plegua atera zuela eta haiek hautatu zituztela. Madrilen azterlan bat egin zuten merkatuan zeuden kamioien aukerak ikusteko. Hasieran, hidrogeno berdea aukeratzea pentsatu zuten, baina proba prozesu baten ondoren, gas kamioien aldeko apustua egitea erabaki zuten, “kalitate-prezioagatik” eta “merkatuan ondo finkatuta” dagoelako: “FCCk azken 10 urteotan estatu mailan hamahiru gas estazio eraiki ditu, eta gas estazio eraikinetan eta kamioietan daukan ibilbide luzearekin ematen zigun konfiantzagatik apustua gasaren alde izan zen”.
“Lau kamioi hornitzeko gaitasuna dauka eta bi konpresore ditu, 4-6 astero aldatzen direnak”
Eider Agirre. Goierri Bilketako arduraduna
Beasaingo GNK estazioa milioi bat euroko inbertsioa izan da, 10 urterako amortizazioarekin. Beasaingo Udalaren partzela batean eraiki dute, hiru urte eta erdiko prozesu baten ondoren. Agirrek zehaztu duenez, saretik hartzen dute GNK. “Lau kamioi hornitzeko gaitasuna dauka eta bi konpresore ditu, 4-6 astero aldatzen direnak”.
Hornitzeak 6-8 minutu irauten du, baina gasaren konpresioak hainbat eragile dauzka: “Ez da berdina udan edo neguan, udan gasa gutxiago konprimitzen da eta deposituak gutxiago betetzen dira; neguan gasa gehiago konprimitzen da eta depositua gehiago betetzen da”. Kamioiak zenbat kilo jaso dituen edo zenbat ordu lan egin duen ere eragiten du.
Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzuburuak eta Maitane Alvarez Ordiziako alkateorde eta Sasietako presidenteordeak ere parte hartu dute inaugurazio-ekitaldian. Hitzaldiak amaitzean, kamioietako bat hornitu dute erakustaldi modura.

Langile bat kamioietako bat gas estazioan hornitzen.Laida Goiburu












