Zaldibiako festak ate joka
Urriaren 1tik 4ra eta, 9 eta 10ean ospatuko dituzte Zaldibiako jaiak, egitarau zabala antolatuta. Festen hasierako txupinazoa jangelako langileek botako dute.
Zaldibiako festetako txupinazoa, 2025ean.Iñaki Gurrutxaga Urriko lehen egunean, bihar, hasiko dira Zaldibiako jaiak, eta hurrengo asteko larunbatean, hilaren 10ean, amaituko dira. Zaldibiarrek egitarau bete eta zabala antolatu dute. Bihar, 18:30ean, urteroko kalejirak emango die hasiera festei, herriko Goiztiri txaranga eta Txanbolintero txistularien doinuekin.
Aurten, udaletxeko balkoitik pregoia irakurri eta txupina botako dituztenak Lardizabal eskolako jangelako langileak, Mariaje Arrieta eta Amaia Etxabe, izango direla adierazi du Eztitxu Mujika Herrigintzaren Kultura zinegotziak.
Ondoren, buruhandiak, erraldoiak eta Goiztiri txarangak jarraituko dute festa giroa jartzen. Mondeju dastaketak ere ezin du hutsik egin Zaldibiako festetetako egitarauan: «Pintxoak euro bat balioko dute, eta ateratzen den diru guztia dohaintzan emango zaio Lardizabal Eskolako Jangelari». Iluntzean kontzertuen txanda izango da: Oilar Beltzak-ena eta Dj Nazarena. Aldarrikatu duenez, saiatu dira «festetan genero ezberdinetako artistak ekartzen».
Haurren mozorro eguna izango da ostiralean. Barrakak egongo dira euro batean. Haurren jolasak Txatxilipurdi aisialdi elkarteak antolatuko ditu: 0-4 urte bitartekoentzat esperimentazio gunea egongo da, jolas erraldoiak yenga, igela, twister… eta txapak eta poltsak margotzeko tailerrak.
Aurtengo berrikuntzetako bat da, ostiralean haurren bazkaria plazan bertan zerbitzatuko dela: «Aurreko urteetan norberak etxetik eramaten zuen bazkaria». Ausa Gaztelu Guraso Elkartea izango da arratsaldeko haurren playbackaren antolatzailea.
Ondoren, Gazte Asanbladaren unea izango da. Asanblakoek antolatu baitituzte ondorengo ekintza guztiak: herri kirolak, Burruntziren eta Derrunberen kontzertuak, eta Dj Nazaren emanaldia. Mujikak gehitu duenez, Burruntzi «herrikoez» osatutako taldea da.
Festetako lehen asteburua
Mozorro eguna izango da larunbatean. «Azken urteetan ekintza jendetsuenetakoa izan da Mozorro eguneko arroz bazkaria». Aurten ere hala izango da, «35 talde eta 430 lagun izango dira, guztira».
Gainera, bazkari honek «berezitasun» bat duela dio Mujikak: «Bazkari honetarako talde bakoitzak bere paella egiten du». Talde bakoitza arduratzen da egin beharreko lan guztiez: «Mahaia jarri, sukaldatu, zerbitzatu, jaso eta garbitu». Horregatik, goizean sukalde eremuan jendea mozorrotuta agertu eta «sekulako saltsa» sortzen dela aitortu du.
Talderen batek edo bestek «bazkalostea girotzeko» proposamen ezberdinak egiten dituela ere azaldu du: «Abestiak prestatu edo oholtzan antzerki zein beste edozein ekintzaren bat prestatu». Larunbata, noski, ez da bazkalorduan amaitzen. Ondoren, elektrotxaranga eta gauean Muxutruken erromeria ere egongo dira.
Aniztasunaren jaia
Igandean festa giroa apur bat baretuko da. Horrek, ordea, ez du esan nahi ezer ez denik izango. Aniztasun jaia egingo dela azaldu du Zaldibiako zinegotziak: «15 bat urte daramate festa hau antolatzen Etxekoneko elkartekoek». Etxekoneko elkartea Zaldibiara kanpotik joaten diren jendeari laguntze dion elkarte bat da. Bertan, herriko jatorri ezberdinetako jendeak beren herrialdeetako janari, arropa… postuak jartzen ditu: «Modu horretan herritarrek kultura ezberdineko bizilagunaz gehiago jakiteko modua da».
Igandean ez dira festak bukatuko. Hurrengo ostiralean ere ekintza ugari izango dira, eta larunbatean, berriz, Kuadrilla Eguna.
EGITARAUA
Bihar
18:30. Kalejira herrian barrena.
19:00. Txupinazoa.
20:00. Mondeju dastaketa.
21:00. Oilar Beltzak.
23:30. DJ Naza.
Ostiralean,
haurren kuadrilla eguna
11:30. Haurrentzako jolasak.
12:00. Jubilatuen mokadua.
14:00. Haurren eta gaztetxoen bazkaria plazan.
16:00. DJ Kaktus.
17:00. Haurren Playback jaialdia.
18:30. Kuadrillen arteko herri kirol erronka.
22:30. Burruntzi erromeria taldea.
00:30. Derrunbe taldea.
02:30. Dj Zaza.
Larunbatean,
mozorro eguna
11:00. Buruhandien kalejira herriko txistularekin.
11:00. Arroz prestatze herrikoia.
13:00. Mozorrotuen bilkura eta argazki gunea.
14:30. Arroz bazkari herrikoia plazan.
19:00. Zutik elektrotxaranga.
23:30. Muxutruk taldearen kontzertua.
Igandean
12:00. Aniztasun festa.
18:00. Mikra zirkus ikuskizuna.
Ondoren, kantu-jira herrikoia.












