Amaitzear dira Altzagan ostatu berria eraikitzeko lanak
Ostatua kudeatzeko lizitazioa martxan da, eta dagoeneko hamalau kudeatzailek aurkeztu dute proposamena. Urriaren 13a izango da azken eguna.
Altzagako udaletxea.Aimar Maiz Amaitzear dira Altzagan ostatu berria eraikitzeko lanak. Udaletxe azpiko espazioa egokitzeko hautua egin zuen udalak urte hasieran, eta ordutik hainbat lan egin dituzte: aurretik zegoen guztia eraitsi, espazioa berrantolatu eta altzairuak, ateak, leihoak eta bestelako elementuak jarri dituzte. Orain, obra-lanen azken fasean daude.
Ostatua kudeatzeko eta ustiatzeko lizitazioa ere atera du udalak, eta dagoeneko hamalau bat kudeatzailek aurkeztu dute proposamena, Maite Garmendia alkateak azaldu duenez: «Pasada bat izaten ari da». Urriaren 13a, asteartea, izango da proposamenak aurkezteko azken eguna.
Ostatuaren kudeaketa ez ezik, goiko solairuan egokitu duten etxebizitza txiki baten lizitazioa ere martxan jarri du udalak. Hilean 100 euro ordainduta, bertan bizitzeko aukera izango da. Hasierako kontratua bi urtekoa izango dela jakinarazi du, baina bost urtera luzatzeko aukerarekin. Etxebizitzak, gainera, herriko produktuak salgai jartzeko espazio bat ere izango du. Ostatuaren epe-muga bera izango du etxebizitzaren lizitazioak ere.












