Espainiako selekzioaren deialdian sartu da Intza Arrondo
19 urtez azpikoen selekzioarekin Madrilen izango da futbolari ordiziarra, urriaren 6tik 13ra bitartean.
Intza Arrondo eta Iraia Soroa, Realarekin.Hitza Intza Arrondo Azkona (Ordizia, 2009) Realaren lehenengo federazioan dabilen futbolaria Espainiako 19 urtez azpikoen selekzioaren deialdian sartu berri da, datorren astean egingo dituzen lan-saioei begira. Arrondorekin batera, Iraia Soroa lizartzarra ere deitu dute. Bi jokalariak urriaren 6tik 13ra bitartean kontzentratuta egongo dira Madrilen.
Taldeak bi lagunarteko partida jokatuko ditu Suediaren aurka, urriaren 10ean eta 13an, Las Rozasen (Madril). Bi neurketa horiez gain, hainbat entrenamendu saio egingo dituzte aste osoko kontzentrazioan.
Lan-saio hauek 2027ko 19 urtez azpikoen Europako Txapelketari begira antolatu dituzte. Izan ere, Espainiak datorren urteko azaroaren 24tik abenduaren 5era bitartean jokatuko du Hungariako Europako Txapelketara sailkapeneko lehen fasea. Bertan, Gales, Italia eta Israel izango ditu aurkari, oraindik zehaztu gabeko zelaian.
Arrondok joan den otsailean jaso zuen aurreneko aldiz Espainiako futbol selekzioaren deia, 17 urtez azpikoen mailan entrenamendu saio batzuetan parte-hartzeko. Orduan izan zuen nazioarteko mailan aritzeko aurreneko esperientzia, eta orain, 19 urtez azpikoen selekzioarekin, beste urrats sendo bat egingo du.













