Haur eta nerabeen ongizate emozionala da hurrengo urteetako erronka nagusietako bat
Beasaingo haur eta nerabeen diagnostikoa aurkeztu dute nerabeei zuzendutako Gazteleku berrian. Udalaren etorkizuneko politikek zeharkako ikuspegia behar dutela da ondorioetako bat.
Haur eta nerabeen diagnosiaren aurkezpeneko irudi bat.Laida Goiburu Beasaingo haur eta nerabeen diagnostikoa aurkeztu dute, nerabeei zuzendutako Gazteleku berrian. Udalak eta Elhuyar-ek elkarlanean osatu dute diagnosia. Erronka nagusietako bat haur eta nerabeen ongizate emozionala izango da hurrengo urteetan, baita euskararen erabilera sustatzea edo erabiltzaile izatetik erabakitzaile izatera igarotzea ere.
Olatz Arrese gazteria zinegotziak eman ditu prozesua martxan jartzearen arrazoiak. 2021ean beste diagnosi bat egin zuen udalak, eta hortik abiatuta 2022 eta 2023 urteetan ekintza plana jarri zuen martxan. 2025ean amaitu zen hori. “Baina pandemia dela-eta, eta aldaketa azkarrak bizi ditugun honetan, inportantea iruditzen zitzaigun egungo gazte eta haurren beharrak, bizipenak eta ohiturak ezagutzea”. 2026ko otsailean abiatu zuten azken diagnosia. Herriko elkarte, ikastetxe, teknikari eta eragileek parte hartu dute, eta gazteekin inkesta bat partekatu zuten ere parte hartu zezaten.
Ekintza plan bat osatuko dute ondorioetan oinarrituta, eta Gaztelekua izango da ekintzetako asko hartuko dituen espazioa, Arreseren esanetan: “Azpiegitura hau da diagnosi honek atera dituen ondorioetatik abiatutako ekintzetarako lehenengo espazioa. Lizitatzear dago. Urri-azarorako martxan jartzea espero dugu, eta diagnosi honi bide ematen hasteko espazioa izatea”.
“Urri-azarorako martxan jartzea espero dugu, eta diagnosi honi bide ematen hasteko espazioa izatea”
Olatz Arrese. Gazteria zinegotzia
Iker Agirre Elhuyarreko teknikariak eman ditu diagnostikoko ondorio nagusiak. Dioenez, geroz eta ugariagoak dira horrelako diagnosiak udalerrietan, legedi mailan urratsak ematen ari baitira azken urteotan: “Haur eta nerabeak izan dira babeserako subjektu gisa kontsideratuak eta azken urteotan sortu diren araudiek ekarri dute haurra subjektu aktibo izatea eta beren eskubideak aitortzea. Parte hartzeko aukera izateko izaki gisa ulertzen dute marko legalean”.

Eragile eta gurasoak aurkezpen saioan.Laida Goiburu
Norabide bat markatzeko
Datu kuantitatiboak –Eustat, erroldak, kale neurketak– erabili dituzte batetik, eta guraso elkarteekin, ikastetxeekin, hezkuntza ez formaleko eragileekin eta udaleko teknikariekin bildu dira bestetik, ondorio kualitatiboen pertzepziorako. Ikasleen artean, 11-16 urte bitartekoei zuzendutako galdetegia ere zabaldu zuten. “Ikusi daiteke adina eta generoaren araberako parte hartzea; 2014n jaiotakoen datu kopurua altua da, baina geroz eta zaharragoa, baxuagoa”.
Zailtasunak zailtasun, hari-mutur batzuk identifikatu dituzte norabide bat markatzeko. Agirrek azaldu duenez, Beasainek badu oinarria, baina erronka berrietara egokitzeko beharra du. “Ikusten da ongizate emozionalaren kezkak areagotzen, euskararen beheranzko joera, teknologiaren presentzia areagotzea… herriko politika publikoak etengabe egokitzen egoteko beharra badagoela ondorioztatu dugu”.
“Aisialdia, kirola eta kultura dira garapenean babes faktore nagusietako batzuk”
Iker Agirre. Elhuyar
Ongizate emozional hori sustatzeko, baina, prebentzio lana azpimarratu du: zailtasunak identifikatzeaz harago, prebentzio lanean jarri behar da arreta. Eta aisialdia da tresnetako bat hori bideratzeko Elhuyarreko teknikariak esan duenez: “Aisialdia, kirola eta kultura dira garapenean babes faktore nagusietako batzuk. Bereziki nerabeen kasuan, aisialdia da sozializazio espazio garrantzitsuetako bat, eta hor garrantzitsua da nerabeen autonomia, sozializazio eta parte hartze aktiboa sustatuko dituzten espazio eta proposamen gehiago martxan jartzea”.

Gazteleku berriko guneetako bat.Laida Goiburu
Parte hartzea, halere, ez dute erabiltzaile soil bezala ulertzen, eragile edo erabakitzaile izatea baizik, “haur eta nerabeek beraien hitza entzuna dela sentitzen” baitute, “baina egiturek aukera gutxi eskaintzen dituzte beraiek modu egonkorrean erabakiak hartzeko”.
Erreferenteak erabilerarako
Euskararen erabilera ere erronka nagusietako bat da, batez ere aisialdian, lagunartean eta bereziki ingurune digitalean. “Baina tamalez esparru guztietan da erronka”, zehaztu du. Etorkizuneko politikek euskararen erabilera naturala sustatuko dituen espazio erakargarriak, erreferenteak eta bizipen positiboak eskaintzea da erronka. “Horretarako izan daiteke Gaztelekua, espazio honetatik praktikan jarri daitezke zenbait gauza”.
Ondorio horiekin guztiekin, ikuspegi integrala eskainiko duten ekintzak proposatzea “interesgarria” izango litzateke. “Ondorioztatu dugu udalaren etorkizuneko politikek zeharkako ikuspegia behar dutela, udalaren eta komunitatearen inplikazioa elkarren ondoan aitortuz”.

Elhuyar-eko Iker Agirre azalpenak ematen.Laida Goiburu













