Jarrera antimilitaristari begirada, Loinatz Abesbatzarekin
Hika Teatroaren 'Makil hotsak' ikuskizuna bihar izango da, 19:00etan, Erauskin plazan. Ondoren, solasaldia izango da Bilboko KEM-MOC Antimilitarista taldeko Asier Amezagarekin.
Hika Teatroaren Makil hotsak ikuskizuna Beasainera iritsiko da, modu berezian, Loinatz Abesbatzaren parte hartzearekin egingo baitute. Bihar (urriak 2) izango da, 19:00etan Erauskin plazan. Euria egiten badu, Gernika pasealekuko frontoian izango da.
1990eko hamarkadako intsumisioaren garaira bidaia bat proposatzen dute, gaur egungo egoeretatik abiatuta: “Europa, eta mundua orokorrean, asaldatuta daude. Ukrainako gerrak, Palestinako genozidioak, Trump amerikar presidentearen inperialismo eroak edota Europa zeharkatzen duen migrazio krisiak ziurgabetasun sozial eta politikoa areagotu du eta gerra hotsak nonahi entzuten dira. Hau gutxi ez, biztanleria berrarmatzea eskatzen duen eskuin muturreko ahotsak gero eta gehiago dira. Zoritxarrez, hirugarren mundu-gerra baten utopia, distopia posible bat bezala ikusten hasita gaude”, dio Hika Teatroak ikuskizunaren azalpenean.
Testuinguru horretan, “artearen ahotsa inoiz baino beharrezkoagotzat” jotzen du. “Herrien arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea lehenetsiko dituen jarrera bakezale eta antimilitaristak eraiki behar ditugu, armarik gabeko mundu batekin amets egiteak ezin duelako utopia bat izan behar. Behar du izan premiazko behar bat, gizartearen konpromisoarekin irudimen handia eskatzen duen errealitatea”.
Emanaldiaren ondoren, solasaldia izango da Bilboko KEM-MOC Antimilitarista taldeko Asier Amezagarekin.












