Kattalin eta Nenufarrak taldeak disko berria aurkeztuko du Gabirian
‘Zeruak eta Sabaiak’ diskoa bederatzi abestiz osatuta dago. Biharko kontzertuaren ondoren, Donostiako Tabakaleran joko dute urriaren 10ean eta 11n.
Kattalin eta Nenufarrak taldeko kideak.Hitza Kattalin eta Nenufarrak musika taldeak bere bigarren diskoa aurkeztuko du Gabiriako plazan, bihar, 19:30ean. Zeruak eta Sabaiak lan berria bederatzi abestik osatzen dutela aurreratu du Sara Iriarte taldeko abeslariak.
Gabiria herri «berezia» dela taldearentzat aitortu du Iriartek: «Gabiriako udaletxean ensaiatzen dugu eta herri guztiak entzuten gaitu, gainera, batzuetan ez dira saiorik onenak izaten». Horregatik, herriarekin «zorretan» dauela diote. Gainera, taldeko hiru gabiriarrak dira: Iñaki Rezusta gitarra jotzailea eta Jon eta Julen Sagarna anaiak, taldeko bateria eta baxua. Horietaz gain, Leire Agirre taldeko teklatuak nahiz ahotsak, eta Iriarte berak osatzen dute taldea.
Azken denboran Zaldiak beraien abestia irrati askotan entzuten da. Horrek, taldea «ezagunago» egin duela dio abeslariak. Arraroa ematen badu ere abeslariak dio, «hasieran abestia diskotik kanpo utzi genuen ia-ia eta begira orain».
Ezagunak egiteak hala ere ematen die «beldur apur» bat, «zer ekarri dezakeen ez dakigulako». Gainera, abestien ospea kontzertuetan «neurtuko» omen dute: «Hor garbi ikusten baita jendeak benetan kantuak badakizkien ala ez». Kattalin eta Nenufarrak-en Zeruak eta Sabaiak diskoa formatu fisikoan atera dute, eta kamixetekin batera egongo da salgai kontzertuetan.
Hurrengo kontzertuak
Momentu honetan Kattalin eta Nenufarrak taldea Katapulta Tour-ekin –Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa– elkarlanean ari da.
Programa horren bidez lau kontzertu eskaini dituzte, eta datorren hilaren 10ean, Tabakaleran (Donostian) ziklo horretako azkena joko dute. Hurrengo egunean, berriro, Tabakaleran egongo dira, Gaztea irratiak antolatzen duen Musikaren Egunean.
Kontzertu gehiago lotzen ari direla zehaztu du taldeko abeslariak: «Kontzertu gehiago lotzen saiatzen ari gara, baina oraindik ez daude erabat lotuak».
Lehen diskotik hona
Kattalin eta Nenufarrak taldeak Zoruak eta Sabaiak diskoaren aurretik beste bat badauka Hubble izena duena. Taldekoen iritziz bigarren diskoa «serioagoa» da lehenengoa baino: «Lehenengoak bost abesti bakarrik zituen, bigarrenak bederatzi».
2019an Iriartek eta Sagarna bateriak unibertsitatean ezagutu zuten elkar. Gero, Rezusta Sagarnaren kuadrillakoa batu zen. Lehen diskoa «hirurek» grabatu zutela adierazi du Iriartek: «Gerora sartu dira Leire eta Julen».












