Andoni Salamerok ‘Baserri-minez...’ ikuskizuna egingo du larunbatean Igartubeitin
Andoni Egaña bertsolaria, Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikariak izango ditu lagun olerkari zumarragarrak.
Larunbatean Antioko musikaldiko bosgarren eta azken kontzertua izango da. Ohi bezala, azken saioa Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da. Andoni Salamero olerkari zumarragarrak, Andoni Egañak, Mixel Ducauk eta Caroline Phillipsek Baserri-minez… ikuskizuna egingo dute. 25 urte pasa dira aldundiak Igartubeiti zaharberritu eta museo gisa ireki zuenetik eta urteurrena ospatzen ari dira. Salamerok ikuskizun hau prestatu du, Igartubeitiri eta baserriari omenaldi gisa.
Kontzertua 18:00etan hasiko da. Urteroko moduan, autobusa antolatu dute Igartubeitira joateko. 17:30ean abiatuko da Zumarragako Elizkaletik. Kontzertura joan nahi dutenek Igartubeitira deitu behar dute izena emateko: 943 72 29 78.
Larunbatekoa diziplina desberdinak (musika, poesia eta bertsoak) batuz egindako ikuskizuna da. Phillipsek zarrabetea joko du eta abestu egingo duk, Ducauk gitarra joko du eta abestu egingo du, Egañak bertsoak abestuko ditu eta Salamerok olerkiak errezitatuko ditu.
Salemerok ikuskizunaren nondik norakoaren berri eman du. «Baserria, beti ezagutu dugu landan bakarturik dagoen etxe gisa, baina bertan nekazaritza, abeltzaintza eta bestelako lan ugari egiteaz gain, bizimodu, filosofia zein pentsaera berezia eratu izan dute baserritarrek haren inguruan».
Bestalde, baserriak gune euskaldunak izan dira. «Baserria euskararen gordailu eta hainbat euskal ohituren adierazpide zuzen eta zintzo izan dugu».
Hori guztia dela eta, baserriaren inguruko ikuskizun bat egitea erabaki du. «Emanaldi honen bidez, bertso, musika eta poesiaz baliatuz, baserri minez gatoz, baserri gosez, baserriaren berri ematera. Une atsegintsu hori pasarazi nahi diogu ikus-entzuleari, aurten, Igartubeiti museoak 25 urte betetzen dituen honetan. Igartubeiti museoan hainbat ekintza egin dituzte 25 urte hauetan: bisitak, tailerrak, sagar zukua, sagardo txastaketa, gure ondarea ezagutarazi, Antioko musikaldian artista ezberdinen lana erakutsi…», gogoratu du.
Gonbidapena
Salamero, Egaña, Ducau eta Phillipsek Igartubeitiren ekarpena txalotu eta omendu nahi dute eta, horretarako, larunbatean aurkeztuko duten ikuskizuna prestatu dute. «Ekitaldi berezia izango da, eta baserri-minez gauden honetan, bertara gonbidatzen zaituztegu, baserriaren bizimodua emanaldi samur eta hurbil honetatik ere bizi dezazuen», amaitu du Salamerok.
Biharkoa Antioko musikaldiko azken kontzertua izango da. Irailaren 5ean Quatuor Arod hari laukoteak jo zuen, 12an Oñatiko Ganbara Abesbatzaren txanda izan zen, 19an Carles Blanch-ek eta Pedro Estevan-ek jo zuten eta joan zen larunbatean Kambrass Quintet boskoteak.












