Euskararen aldeko «konpromisoak» eskatu dizkie UEMAk udal zein eragileei
Euskal Herriko eta Goierriko euskararen datu soziolinguistikoak plazaratu ditu UEMAk. Siadecoren proiekzio demolinguistikoa hartu du oinarri. 60 bat eragile bildu dira Goiekin egindako foroan.
Asteazken arratsaldean egindako foroko irudia, Goiekin. GITB Eskualdez eskualde euskararen egoera eta bilakaera aztertzeko, UEMAk eta udalek elkarlanean antolatutako foroek aurrera jarraitzen dute. Goierriren kasuan, asteazken arratsaldean aurkeztu zuten eskualdeko egoera soziolinguistikoa, Goiekin, 60 bat eragile bildu zituen foro itxi batean. Udalak, ikastetxeak, enpresak eta gizarte eragileak izan ziren parte-hartzaileen artean. Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkateak eta Iban Arregi eta Nora Unanue UEMAko teknikariek gidatu zuten saioa.
Egoera soziolinguistikoaren berri emateaz gain, Goierrin euskarak aurrera egiteko gako nagusiak ere aztertu zituzten. Izan ere, eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileek har ditzaketen konpromisoen inguruko hausnarketa sustatu nahi du UEMAk.
Egungo ikerketen arabera, egungo joerek bere horretan jarraituz gero, euskarak atzera egingo du baita eremu euskaldunenetan ere. Egoera horri erantzuteko eta joera iraultzeko sortu du UEMAk Esnatu dinamika. Era guztietako eragileak ahalduntzea eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea ditu helburu.
Diagnostiko «kezkagarria»
Hego Euskal Herriko euskararen egoera eta bilakaera aztertzeko, UEMAk Siadeco-ri eskatutako 2036 proiekzio demolinguistikoa hartu du oinarri. Azterlanak 2036ra begira gerta litekeena simulatzen du, eta horren berri eman zuen UEMAk.
Proiekzioak hainbat erronka nagusi erakusten ditu. Batetik, bilakaera demografikoak euskararen indarberritzea motelduko du: izan ere, jakinarazi zuten jaiotzak baino heriotza gehiago izaten ari direla, eta biztanleriaren hazkunde naturala negatiboa dela. Migrazioek, ordea, biztanleriaren beherakada hori konpentsatu dute, eta horien eraginez biztanleria hazten ari da, nahiz eta erritmo motelagoan.
Bestetik, euskararen arnasguneen gainbehera aurreikusten du azterlanak. 2021ean Hego Euskal Herrian bost udalerrik zuten %80tik gorako etxeko euskararen erabilera, baina 2036rako arnasgune horiek desagertzea aurreikusten da. Are, arnasgune erasanetan ere beherakada nabarmena izango litzateke: 21 udalerritan soilik mantenduko litzateke %60tik gorako etxeko erabilera.
Azkenik, jakinarazi zuten haur eta gazteen euskararen ezagutzan izandako aurrerapenak ez duela erabileraren eta transmisioaren etorkizuna bermatzen. Eskolak ezagutzan izan duen eragina nabarmena bada ere, lehen hizkuntzaren adierazleak beheranzko joera erakusten du. Proiekzioaren arabera, 2036an euskaraz lehen hitza jasotako 2 eta 14 urte arteko haurren kopurua txikiagoa izango da gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza bat dutenena baino. Migrazio-mugimenduek eta jaiotza-tasen aldaketek, gainera, hiztun-tipologia ere aldatuko dute, eta, horren aurrean, hizkuntza-politika egokituak beharko direla nabarmendu zuten.
Goierri ez dago salbu
Goierriko egoera soziolinguistikoa aztertuta, erabileraren, gaitasunaren eta bilakaeraren inguruko hainbat joera nabarmendu zituzten. UEMAren koaderno demolinguistikoetan oinarrituta, eskualdeko herrien datuak aztertu eta biztanleriaren arabera ponderatu zituzten, Goierriko errealitatearen ikuspegi orokorra osatzeko.
Erabilerari dagokionez, Goierri nagusitasun argirik gabeko eremutzat jo daiteke, nahiz eta eskualdea Euskal Herriko beste hainbat eremurekin alderatuta euskalduna izan. Herrien arteko aldeak, ordea, nabarmenak dira, eta Ordizia eta Beasain kontuan hartu gabe, eskualdeak arnasgune erasanaren ezaugarriak dituela adierazi zuten.
Ahozko hizkuntza-gaitasunari dagokionez, berriz, erdal gaitasuna duten herritarrak gehiago dira euskaraz hobeto moldatzen direnak baino: 16 urtetik gorakoen artean, %50ek erdaraz dute gaitasun handiagoa, eta %30ek euskaraz. Hala ere, Ordizia eta Beasain alde batera utzita, proportzioak bestelakoak dira, eta euskarazko gaitasuna dutenen pisua %45era iristen da, erdarazko gaitasuna dutenen %38aren gainetik. Datu horiek erakusten dute gaitasunak eta erabilerak ez dutela beti bat egiten, eta euskararen erabileran eragiten duten bestelako faktoreak ere badaudela.
Bilakaerari begira, ordea, azken urteetako joera ez da baikorra. Euskararen etxeko erabilerak behera egin du Goierrin, bereziki eremu euskaldunenetan. Ordizia eta Beasain datuetatik kanpo hartuta, azken hogei urteetan %17 inguruko beherakada izan du erabileraren geruza trinkoak, eta ez dute hobekuntzarako zantzurik antzeman.
Lurralde Estrategia
UEMAk Lurralde Estrategia proposamena ere aurkeztu zuen saioan, euskararen indarberritzea bultzatzeko lurgune euskaldunena ardatz estrategiko gisa sendotzea helburu duen egitasmoa. Otsailean aurkeztu zuten proposamena eta ordutik, alderdiekin, erakunde publikoekin eta euskalgintzako eragileekin biltzen ari da, ekarpenak jaso eta adostasunik zabalena lortzeko.
Proposamenak, hala, arnasguneak eta udalerri euskaldunak babesteko lege bat sortzea eta lurgune euskaldunerako plan integral bat garatzea planteatzen du. UEMAren arabera, euskararen indarberritzea lurralde osoan landu behar bada ere, eremu euskaldunena estrategiaren motor gisa aitortu eta sendotu behar da, gainerako lurraldeetan ere eragina izan dezan.
Estrategia horren beharra, hala, euskararen eremu euskaldunenetan izaten ari den gainbeherarekin lotu zuten. Joera soziolinguistiko eta demografikoek lurgune euskalduna ahultzen jarraitzen badute, euskararen egoera orokorrak ere okerrera egin dezakeela nabarmendu zuten; horregatik, arnasguneak eta udalerri euskaldunak babesteko arau eta plangintza berrien beharra defendatu zuten.
Konpromisoak hartzea
Dinamikaren barruan, datozen asteetan Goierriko udalek eta gizarte eragileek konpromiso zehatzak hartuko dituzte, lurgune euskaldunari eusteko eta euskararen erabilera eta presentzia indartzeko.














