Ikasleen unibertsitate-garraiorako Unibide Elkarteari diru laguntza emango dio aldundiak
Ordizia, Beasain eta Zumarragako gazteak Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetara joateko zerbitzua eskaintzen du Unibidek, goizeko eta arratsaldeko ibilbide banarekin. Zerbitzua unibertsitateko langileek ere erabil dezakete.
Aldundiko eta elkarteetako ordezkariak. Ezkerretik bigarren eta hirugarrenak dira Unibide Elkarteko Iñigo Aierbe eta Sonia Pajares.Aldundia Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamendu Departamentuak unibertsitateko bi elkarte berriri diru laguntza emango die, dozenaka ikaslek egunero Debagoienako unibertsitate-campusetara joan-etorriak egin ditzaten. Horietako bat da Goierriko ikasleentzako Unibide Elkartea, Ordizia, Beasain eta Zumarragako gazteak Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetara joateko zerbitzua eskaintzen duen elkartea. Bestea Urola Kostako eta Urola Erdiko ikasleentzako Martxan Bidaiariak da.
Laguntza ekonomiko horren helburua, Azahara Dominguez diputatuaren esanetan, “erakunde horietako kideek garraio-aukera eskuragarri bat izatea” da, “prezioari dagokionez MUGI sisteman integratutako zerbitzu bat erabiliz gero ordainduko luketenaren antzeko baldintzetan”.
Modu horretan, goi-mailako hezkuntzarako sarbidea “demokratizatu” nahi du aldundiak. Bizkaiko campusetara joateko Ziztu eta Donostia-Leioa elkarteei jada ematen dizkie laguntzak 2024tik.
53 goizean, 31 arratsaldean
Dominguez diputatua Unibide Elkarteko eta Martxan Bidaiariak-eko ordezkariekin bildu da iritziak trukatu eta diru laguntzaren berri emateko. Unibide Elkarteko Sonia Pajares eta Iñigo Aierbe beasaindarrek azaldu dute “Goierriko ikasleak Debagoienako unibertsitate-campusetara garraiatzeko gero eta handiagoa den premiari erantzuten” diola zerbitzuak, eta esan dute aldundiaren lankidetza “funtsezkoa” dela “joan-etorri horiek familientzat dakarten ahalegin ekonomikoa arintzeko”.
Unibide Elkartearen zerbitzuak goizeko ibilbide bat eskaintzen du egun, 53 erabiltzailerekin, eta arratsaldeko beste bat, 31 erabiltzailerekin. Zerbitzua unibertsitateko langileek ere erabil dezakete. Harremanetarako, interesa dutenek bazkideak@unibide.eus helbidera idatzi dezakete.













