Iparragirrek Build:inn Awards-en Herrialde Konpromisoa saria jaso du
Euskadiko Eraikuntza Klusterrak banatzen duen saria da.
Pedro Iparragirre Build:inn Awrads-en saria jasotzen atzo, Getxon.Iparragirre Idiazabalgo Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak Build:inn Awards-en sari nagusietako bat eskuratu du. Sari banaketa ekitaldia atzo egin zuten Getxon (Bizkaia) eta Pedro Iparragirrek jaso zuen saria enpresaren izenean. Besteak beste, Jose Luis Azkue, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak; Antonio Aiz, Bilboko Portu Agintaritzako zuzendari nagusiak; Jesus Medina, LISDEM Arkitektura Estudioko architect MSC eta zuzendarikideak; eta Selen Ercan Jenny, LAYEREDeko CSO eta sortzailekideak hartu zuten parte ekitaldian. Haiekin batera izan ziren Alberto Marin, Build:inneko presidentea, eta Marta Epelde, zuzendaria.
Build:inn Awards Euskadiko Eraikuntza Klusterrak sustatzen duen sariketa da, sektoreko proiektu eta profesional berritzaileenak aitortzeko. Hiru sari nagusik eta epaimahaiaren sari berezi batek osatzen dute aitortza hau, “eraikuntzaren etorkizuna eraikitzen duten” euskal enpresak omenduz.
Idiazabalgo enpresak, hain zuzen, Herrialde konpromisoa saria jaso du. “Euskadiren garapen iraunkorrarekin, tokiko ekonomiarekin eta gizartearekin konpromisoa duten ekimenak” bultzatzeagatik. Beste bi sari nagusiak Bilboko Arte Ederren Museoarentzat —Ibilbide inspiratzaileenaren saria— eta Gipuzkoako Zeru Drones enpresarentzat —Bultzada berritzailearen saria— izan dira.
76 urtetik gorako esperientzia
Idiazabalen sortua, Iparragirrek 76 urte baino gehiago daramatza eraikuntzaren sektorean lanean. Ibilbide horretan, “ingurunearekiko lotura landu du enpleguaren, gazteen prestakuntzaren, tokiko hornitzaileekiko lankidetzaren eta euskararen” sustapenaren bidez. Enpresak, gainera, Eraikuntza Industrializatzeko Zentroa ireki berri du Idiazabalen, ezagutza eta sektorearentzako irtenbide berriak garatzen lan egiteko.
Saria jasotzean, Pedro Iparragirrek aitortza enpresako kide diren guztiei eta urte hauetan enpresa aurrera eramaten lagundu dutenei eskaini zien. Bere hitzetan, Iparragirrek bere jarduera “garapen ekonomiko eta sozialari ekarpena egiteko modutzat” ulertzen du. Era berean, eraikuntzak gizartearen hainbat erronkari erantzuten lagun dezakeela gogorarazi du: “Osasunaren, hezkuntzaren eta zaintzaren arloko espazioak hobetzen, etxebizitza beharrari erantzuten eta lurralde oreka sustatzen”.
“Obra bakoitzean eraikinaz harago begiratzen saiatzen gara: pertsonen eguneroko bizitzari zer ekarpen egin diezaiokeen eta inguruan zer balio utz dezakeen pentsatzen. Izan ere, obrak amaitu egiten dira, baina haien ekarpenak iraun egiten du”, adierazi du.













