PSE-EEk "mugikortasun ekologikoagoa bultzatzeko anbizio handiagoa" eskatu dio EAJri
PSE-EEren udal taldea abstenitu egin da Ordenantza Fiskalen bozketan.
Angel Redondo eta Eva Alvarez Beasaingo PSE-EEko zinegotziak.Hitza Beasaingo PSE-EEk “anbizio handiagoa” eskatu dio EAJren udal gobernuari “mugikortasun ekologikoagoa bultzatzeko”, eta trakzio mekanikoko ibilgailuen tasen proposamenean “hobekuntza nahikorik ez sartzea” gaitzetsi du.
Eva Alvarez PSE-EEren bozeramaileak ohar batean adierazi du Ordenantza Fiskalek “mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko aukera eskaintzen” zutela. “Ibilgailu elektriko, hibrido eta gasezkoei zuzendutako hobariak badauden arren, Beasaingo PSE-EEk haratago joatea eskatu du, gutxiago kutsatzen duenak gutxiago ordain dezan”.
Alvarezek defendatu du ibilgailuen fiskalitateak gehiago hartu beharko lituzkeela kontuan emisioak eta ingurumen-ezaugarriak. “Gure ustez, gas-isurien edo ibilgailuen kategoriaren arabera kobratu beharko litzateke, ez duelako berdin kutsatzen 2024an matrikulatutako ibilgailu batek eta 2004an matrikulatutako beste batek”.
PSE-EEren udal taldea abstenitu egin da Ordenantza Fiskalen bozketan. Haren proposamena igoera KPIra mugatzea zen –udal gobernuaren esanetan ez du proposamenik jaso–, eta gaitzetsi egin du udal gobernuak %2,9ko igoera orokorra aurreikustea, “abuztura arte Euskal Autonomia Erkidegoko azpiko KPIari dagokiona”.













