Yoyesen memoria Ordiziako Barandiaran plazara itzuli da
Gogora Institutuak ordiziarraren hilketaren 40. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa inauguratu dute gaur. Urriaren 16ra arte egongo da ikusgai, hil zuten plaza berean.
Jende ugari bildu da gaurko inaugurazioan. Izaro Villarreal Yoyes erakusketaren inaugurazioa egin dute gaur goizean Ordizian, Gogora Institutuak erailketaren 40. urteurrena bete berritan ondutakoa. Barandiaran plazan jarri dute, 1986ko irailaren 10ean ordiziarra hil zuten plaza berean, eta urriaren 16ra bitartean egongo da ikusgai. Bertan izan dira Adur Ezenarro alkatea, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua eta Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuko zuzendaria.
X eran jarritako lau panel bikoitz baliatu dituzte erakusketarako, eta kazetari-argazkilarien lanek eta hemerotekak ez ezik, nagusiki familiak eta hurbileko pertsonek Yoyes, desde su ventana (1987an argitaratua) liburuan argitaratutako protagonistaren egunerokotik ateratako pasarteek osatzen dute. Ikusgarritasuna bilatu nahi zuten, eta horregatik erabaki dute erakusketa eduki bisualez egituratzea.
Erakusketa, halaber, bi aldetan banatzen da, memoria traumatikoa eta memoria demokratikoaren arteko bereizketa eginda. Alde batean, hilketaren inguruko hausnarketa egiten da, ordiziarraren bizitzaren errepaso bat eginda eta testuingurua azalduta. “Oso pertsonaia sinbolikoa zen eta bere figuraren erabilera politikoa ere salatu nahi izan dugu”, azaldu dute.
Ordizian eta Goierrin Yoyesen hilketak inpresio handia eragin zuen eta erreakzio sendoak izan ziren eskualdean: martxak, protestak, elkarretaratzeak eta greba orokorra deitu ziren. Herri plataforma batek 1986ko urriaren 18an antolatutako kontzertua ere mugarria izan zen, ordiziarraren omenezko omenaldi herrikoi eta musikal masiboa izan zena.
Horiek denak eta hilketaren kontra egindako kanpainak jasotzen dira erakusketaren beste aldean. Andoni Egañak, Jon Sarasuak eta Xabier Euzkitzek kontzertu hartan kantatutakoak daude, besteen artean, irakurtzeko moduan.
Yoyes
Dolores, Yoyes Gonzalez Katarain 1954ko maiatzaren 14an jaio zen Ordizian. ETAn izan zuen ibilbidea 70eko hamarkadaren lehenengo urteetan hasi zen eta, 1973ko amaieran, Iparraldera egin zuen ihes. 1974ko irailetik aurrera ardura karguak izan zituen ETA militarrean, baita eragin handiagoa ere, eta, gauzak horrela, Batzorde Exekutibora iritsi zen lehen emakumea izan zen.
1979an, ordea, erakundea utzi zuen hausnarketa pertsonal konplexu baten ostean eta Mexikora joan zen. Soziologia ikasketak egin zituen bertan.
1985eko azaroaren 4an itzuli zen Euskadira, justiziarekin kitatzeko auzirik gabe. Semearekin Ordiziako Azoka ikusten ari zela hil zuen ETAk, 1986ko irailaren 10ean, Barandiaran plazan.
Argazkiak: Izaro Villarreal















