Gabiriako Balentzategiko komunitateak Eskolaren Eguna estreinatu du
Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak elkartzeko festa ari dira egiten.
Gabiriako Balentzategi herri eskola lehenengo aldiz Eskolaren Eguna du, gaur. Goizean hasi eta iluntzera arte, egun osoko egitaraua antolatu dute. Garai batean guraso, irakasle eta ikasleekin elkarrekin egiten zuten kurtso bukaerako irteera gogoan, formatua aldatu eta herrian bertan ari dira ospatzen hezkuntza-komunitatearen festa-eguna. Haurrek eurek goizeko irekiera ekitaldian irakurri duten testuan zioten bezala, “eskolako festa bakarrik ez, guztion festa” izatea du helburu.
Eskola aurreko terrazan egunari hasiera eman ondoren, makila igo dute eta Agurra dantzatu dute. Jarraian, plazan, haurrak buruarinak egiteko eskulanetan hasi dira, gurasoek lagunduta. Helduek, berriz, taldeka antolatu eta ginkana proban gozatu dute. Hiruzpalau laguneko taldeetan, zortzi proba ezberdin gainditu behar izan dituzte, abildadekoak nahiz eskolari buruzko galderenak, tartean. Argazki erakusketa ere atondu dute, udaletxeko arkupean. 200 bat irudi bildu dituzte, 1930eko hamarkadatik hasi eta Eskolan ibili diren ikasle-talde ugarirenak eta egindako ekimen nahiz irteerenak.
Eguerdian herri bazkaria izango da, eliz atarsan. 91 lagun elkartuko dira. Argazkien bideo-muntaia ikusiko dute gero, bukaeran “sorpresaren bat” dela. Haurrek herri kirolak izango dituzte arratsaldean, eta musikarekin amaituko da eguna. Lepoko zapi gorriak ere atera dituzte.
Ikasle kopurua egonkor
Balentzategi eskolak 25 ikaslerekin ekin dio 2026-2027 ikasturteari. Iaz baino hiru ikasle gutxiago dira; ekainean hiru irten ziren DBH egitera kanpora, eta berririk ez da sartu. Hala eta guztiz, herri eskolaren kopuru naturaletan dabiltzala ziurtatu du Iñaki Intsausti zuzendariak. “Gure zenbakiak 25-30 ikasle bitartean ibiltzea da. Gehiago izatea ezohikoa da, eta gutxiago ere bai. Egia da iaztik zerbait jaitsi dela, baina datorren ikasturterako, adibidez, sei haur txiki badaude Eeskolan hasiko direnak”.
Eskolaren Eguna urrian ospatzea “kuriosoa” dela gehitu du zuzendariak, urte sasoi honetan ez delako ikastetxeetan halakorik egin ohi. “Baina maiatzean ekitaldi piloa egoten da herrian, eta orain antolatu dugu”, gaineratu du.












