Korrikalariek irabazi diote bizikletariari Ezkioko apustua
Ikusmin handia piztu du lagun arteko lasterketa-desafioak, eta jende asko joan da Ezkiora. Herri Festa ospatuko dute gaur.
Ezkion gaur eguerdian jokatu den bizikletariaren eta bi korrikalariren arteko lasterketa-desafioak bigarrenen alde erori da. Eneko Zabaleta eta Unai Alberdi gazteak korrika nagusitu zaizkio Felix Etxeberria txirrindulariari. Hirurek guztia eman dute Ezkioko igoeran, eta ederki eskertu diete ikuskizuna kunplitu izana bertaratu diren ikusle ugariek. Jende asko elkartu da Ezkioko kaskoko helmugan, eta errepidean zehar ere animoak jaso dituzte partaideek.
Hamabietan puntuan, elkarri bostekoa eman, eta bereko bidegurutzetik abiatu dira Felix Etxeberria eta Eneko Zabaleta. Profesionalen bizikletaren Etxeberria, Alex Aranburu ezkiotarrak utzi baitio entrenatzeko eta apusturako txirrindua, Movistarren ibili zen garaikoa. Kamiseta gorria eta Praga motzak jantzita Zabaleta. Kontzentratuta, hitz askorik egin gabe, hasteko gogoz.
Zabaleta suziria bezala atera da korrika. Tarte motzagoa egin du berak, 850 bat metro pasa, baina aldapa pikoena bere zatian zeukan. Lehen unetik aurretik jarri da korrikalarien bandoa, eta 3 minutu eta 38 segundoan iritsi da Zabaleta lagunari erreleboa ematera, Igartubeiti baserriaren parera. Hogei-bat segundo atzego ailegatu da Etxeberria pare hartara.
Alberdik ere hanka-joko airosoa eraman du. Denak ere apusturako ondo prestatu direla antzeman da. Igartubeititik Ezkioko helmuga-marrara beste 6:35 minutu behar izan ditu Alberdik, eta lehenengo iritsi da, txirrindulariaren aurretik. Guztira, bien denborak batuta, 10 minutu eta 8 segundoan igo dira Zabaleta eta Alberdi korrikalariak. Etxeberriak 11:45 minutuan osatu du bidea. Denek jaso dituzte ikusleen txalo eta oihu beroak. Cava botila bat zabaldu eta tragoxka batzuk eginez, elkarri bizkarretik helduta eta egindakoarekin pozik bukatu dute hirurek.
“Urte askoan bizikletan ibili gabe nengoen, 44 bat urte, baina egindakoarekin gustura nago. Igoera gogorra da, agian ez du ematen, baina barrenetik hasita dena aldapa da. Lehenengotik eutsi egin nahi nion, bizkor hasiz gero betetzeko arriskua neukalako. Eutsi diot, nola-hala. Nik 12 minututik jaitsi nahi nuen, eta konforme nago”, azaldu du Felix Etxeberria bizikletariak.
Korrikalarien bikotean, Zabaleta hasieratik guztiarekin irten da, esprint batean ia. “Hasieratik topera abiatu naiz, gehiegian igual”, aitortu du. Entrenamenduetako denborak eta erreferentziak pikutara joan zaizkio. Erreleboa eman ondoren, Alberdi ere “azkarregi” hasi da. “Gero erritmoa moteldu dut, bukaeran esprint txiki bat egiteko. Publikoaren babesarekin askoz errazago egiten da”, esan du Alberdik. Entrenamenduetako denbora hobetu dute korrikalariek ere: “Berez, 10:30 edo 10:40 inguruan ibili gara, eta espero baino hobeto egin dugu. Honelako egunetan entrenamenduetan baino gehiago ematen da”.
Herri Festa Ezkion
Ezkiotarrek Ezkioko kaskoan egun guztirako festa daukate gaur. Txirrindulari-korrikalarien desafioa ikusi ondoren –streaming bidez pantaila batean zuzenean jarraitu ahal izan dute Ezkion zeudenek igoera–, herri bazkaria egongo dute. 180 lagun elkartuko dira. Arratsaldean, musika izango dute.












