Borobilak urteurrena, festa eta eguna
Kilometroak jaiak "euskararen, auzolanaren eta Ikastolen indarra" erakutsi duela adierazi dute Lazkaoko gaurko festaren antolatzaileek.
Parte-hartze handia eta giro bikaina. Hitz horiekin laburtu du antolatzaile taldeak Lazkaon gaur ospatu den Kilometroak 2026 festaren emaitza. 50. ekitaldia izatearen eta Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia sorburura itzultzearen gehigarriak zituen gaurko egunak, eta “indarrez” eta “aurreikuspen guztiak gaindituta” bukatu da eguna. Milaka lagun elkartu da Lazkaon, han ere gero eta zeruertz ilunagoa duen euskararen kale presentzia eta makalaldia hauspotzera. Euskaraz bizi daitekeela eta bizi behar dela suma zitekeen gaur Lazkaoko kaleetan.
Kilometroak Kultur Elkarteak “oso positiboki” baloratu du eguna, arratsean kaleratu duen prentsa oharrean. “Lau jaiguneetan egitarau zabala izan da, eta milaka lagunek parte hartu dute egun osoko ekitaldietan, kontzertuetan eta ikuskizunetan. Ez da arazorik edo ezbeharrik gertatu, eta jai-giroan eguna pasatzera etorri diren familia, lagun-talde eta bisitari guztiek.
Helburuei dagokienez, Kilometroak jaiak eta Ikastolek “belaunaldiz belaunaldi indarrez jarraitzen” dutela erakutsi du.
herriz herri, euskararen, euskal kulturaren eta herri ekimenaren alde
“Festa bikaina izan da, aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Festa hau antolatzeko, zalantzarik gabe, boluntario guztiei esker izan da, bai herritarrak, bai kanpotik etorri diren guztiak, eta Koordinazio Gelan guztia zaintzen aritu diren Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza, DYA… Guztion artean, jai hau aurrera ateratzea lortu dugu”, egin du lehenengo balorazioa Kilometroen koordinatzaile Xeber Maizak. Eskerrak eman dizkie boluntario guztiei.
Aldarrikapenak, auzolanaren beharra, boluntzariotzaren kemena –mila lagun ibili dira lanean–, eta batasunak damarren indarra baloratu dituzte Kilometroen antolatzaileek. Berritasun handietako bat Kilometroen lekuko berriaren aurkezpena izan da, zeina Bergarako Aranzadi ikastolak jasi duen goizeko ekitaldian, 2027ko Kilometroek ibilian-ibilian jarrai dezaten. Euskal gizarteak euskara “gehiago nahi eta behar” duela gogorarazi du Kilometroak kultur elkarteak. Festa babestu duten gainerako erakundeen oniritziarekin.
Bestetik, Denboraren tunela kale erakusketak ere “eguneko proposamen berezietako bat” izan direla balioetsi du antolakuntzak. “Ekimenak jaiaren helburu nagusia bildu du: egindako bidea aitortu, eta etorkizuna elkarrekin irudikatu eta eraikitzea”.
Giro bikaina
Lau guneetan, eguneko ordu eta jarduera desberdinetan aldatu bada ere, jendetza ibili da. Eguraldia bikain portatu da, azkenean, eta sargori sentsazioa baretzea bihurtu da arratsalde aurrenean egiteko nagusia, aterki beharraren beldurra erabat uxatuta. Jende gaztearen kopuru handia nabarmendu da, baina adin eta belaunaldi askotako herritarren babesa jaso du egunak, asko 1977an ere bertan izan zirenak.
Kontzertuetan, Nafarroa 1512en zuzenekoen sasoiak Iturrialdeko gunea bete du. Eider Saezek, bere aldetik, urriaren 30ean kaleratuko duen disko berriaren primizia lehen aldiz publiko aurrean jo du, Hirigoiengo plazan. Egunari ginga Gozategi taldeak jarri dio, Euskadi enparantza gutxitan bezala beteta zela. Oriolo taldeak Alaitz eta Maider, eta Xabi Solano gonbidatu ditu oholtzara, eta abesti batzuk elkarrekin jo eta kantatu dituzte; baita Andoni Zubillaga taldeko gitarra jotzaile ohia ere.
Kalanbreak kantuarekin eta “astelehena biharamun” mitikoa kantatuz itxi dute Gozategikoek 2026ko Kilometroak festa. Bihar astelehena izango da euskararentzat eta ikastolentzat ere, baina igandeak ere badituztela erakutsi du jendeak, beste behin. Eta “denbora luze batean gogoratzekoa” izango den festaren zaporea edukiko du.

Kilometroen hasierako ekitaldia.












