Denboraren tunelak, Kilometroen aterpean ibilaldia
Kilometroen edizio berezia da aurtengoa, 50. aldia izateaz gain, sorburura itzuli delako. Mende erdiko historia 'Denboraren tunela' deituriko kale-instalazioetan erakutsi dute.
Sei tunel edo zurezko pasadizo kokatu ditu Ikastolen Elkarteak gaur Lazkaon, Kilometroen 50. ekitaldia eta 1977tik orain arteko bidea zer izan den grafikoki erakusteko. Kaleko puntu ezberdinetan jarri dituzte instalazioak; seitik bost, orain arteko historia errepasatzeko erabili dituzte. Hamarkadaka banatuta, Kilometroen hasiera, garapena, sustraitzea eta bilakaera ikus daiteke horietan, hamarkadako urte bakoitzeko Kilometro guztiak argazkien eta prentsa-orrialdeen bidez azalduta.
Seigarren instalazioak etorkizunera begiratzeko balio du. Hartara, jendeak txapakumezko hormetan mezuak, ekarpenak eta iritziak idatzita uzteko aukera dauka.












