Euskal gizarteak euskara gehiago nahi eta behar duela aldarrikatu dute irekiera ekitaldian
Euskararen aldeko mezuak, erabilera indartzeko premia eta hizkuntzaren aurkako mehatxuei aurre egin beharra nabarmendu dira ikastolako ordezkarien eta erakundeetako ordezkarien hitzaldietan.
Kilometroak 2026 festaren irekiera ekitaldi instituzionalean, ikastolako estalpean bildu dira, goizean, ikastolen ordezkariak eta arduradunak, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Lazkaoko Udaleko buruak. JTK joaldunen dunba-hotsekin hasi da ekitaldia, eta Leire Agirrek kantatuta eta gitarraz lagunduta, bi dantzari Agurra dantzatu dute. Izaro Intsausti kazetari lazkaotarrak aurkeztu du saio. Nabarmendu “Euskal Herri euskaldundu bat lortzea” dela helburu.
Mikel Etxezarreta bertsolari olaberritarrak bi bertso bota ditu. “Gaurkoak emango digu indarra eta esperantza” bukatu du lehena, eta “ibilian-ibilian eman beste hainbat buelta” desio izan die Kilometroei bigarrenean, eta Oin Arin taldeko dantzariek koreografia bat dantzatu dute, Kilometroen aurtengo abestiaren doinuetara.
Hitzartzeetan, euskararen aldeko mezuak
Lazkaoko Ikastolako Artezkaritza Kontseiluko lehendakari Irantzu Amundarainek Kilometroen eta ikastolen sorrera gogoratu du. “Ikastolak herritik sortu ziren, klandestinitatean, guraso talde batek euskaraz eskubidea genuela sinetsi zuelako. Diru eta baliabiderik gabe aurrera eramandako proiektuak izan ziren ikastolak. Baina errealitate bihurtu ziren, eta gaur egun Euskal Herriko zazpi lurraldeetan 115 ikastola ditugu”. Horien lana “funtsezkoa” izango dela gehitu du, “biharko Euskal Herri euskalduna lortzeko”.
Haren osaba Dionisio Amundarain euskalariaren gogoeta bat plazaratu du –ekitaldian izan da Dionisio bera, 96 urtekoa–, “ekintza hauek guztiak ez ote diren diskurtsibo huts bihurtu, bihotza kontuan hartu ezean, gure ekintza guztiak euririk gabeko trumoi antzu izan daitezke”. Hasierakoen espiritua eta sinismena berreskuratu behar direla gaineratu du: “Maitatu gure herria, bizi euskaraz, eta harrotasunez, gure identitatearen aldeko aldarria egin dezagun”. 50. Kilometroak “aro berri eta emankor baten hasiera” izan daitezela opatu du.
Irantzu Amundarain (Lazkaoko Ikastolako lehendakaria): Maitatu gure herria, bizi euskaraz eta harrotasunez; gure identitatearen aldeko aldarria egin dezagun”
Lazkaoko ikastolako arduradunez, irakasleez, beteranoez eta guraso oldeaz gain, ekitaldian izan dira Lazkaoko nahiz Goierriko ordezkari politikoak, herriko alderdi, eragile eta taldeetakoak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendoza, Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena eta hainbat batzarkide, eta Kilometroak festaren ideia AEBetatik ekarri zuen Josu Erguin beasaindarra eta Dionisio Amundarain euskalaria.
Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrainek Lazkao Txikiren aipamena ekarri du hizpidera, haren jaiotzaren mendeurrena dela oroitaraziz, ondoren beste hizlari batzuek egin duten bezala. Haren bertso lerro batzuk errezitatu ditu: “Amaren bular eta sehaskan ikasi ez zendun hori, euskararen ateak zabalik dituzu, eta ikastera etorri”.
Kilometroak festan elkartzeak “zer nolako herria garen” erakusteko balio duela esan du: “herri bizia, euskalduna, eta bertaratzen den oro beso zabalik hartzen duena. Horixe da Lazkao”. Ikastolaren inguruan “urtetan ehundu eta sendotu” den hezkuntza komunitatea elkarlanaren eredu dela nabarmendu du. “Hezkuntza guztion ardura da, gizarte osoarena. Egun ditugun erronkei erantzun eta etorkizunari begira aurrera egiteko, ezinbestekoak izango ditugu guztion elkarlana eta ilusioa, indarrak batuta. Ez dago beste biderik”.
Erronkak “asko” direla esan du alkateak, baina “garrantzitsuenak” bi aipatu ditu: “euskararen erabilera indartzea, eta azken aldian euskara jasaten ari den mehatxuei aurre egitea”. “Izan ere, euskararen geroa ez da ikasgeletan soilik eraikitzen, kalean, etxean eta eguneroko harremanetan ere eraikitzen da”. Euskararen aldeko konpromisoa “guztiona” eta “eguneroko hautu txikietan gauzatzen dena” dela gehitu du.
Lazkaoko Ikastolari, Kilometroen antolatzaile eta boluntario guztiei eskerrak eman dizkie: “Zuen denborari, lanari eta ilusioari esker gaude gaur hemen. Bejondeizuela, handiak zarete. Mila esker, bihotz-bihotzez”.
Kepa Zubiarrain (Lazkaoko alkatea): “Euskararen erabilera indartzea eta azken aldian euskara jasaten ari den mehatxuei aurre egitea dira erronka askoren artean garrantzitsuenetako bi”.
Hezkuntza sailburua: “Gora euskaraz egin behar duen euskal hezkuntza sistema”
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak bere hitzaldia “hezkuntzaren, euskararen eta komunitatearen aldeko konpromisoa” ospatzen den Kilometroetara “pozik” etorri dela esanez hasi du. Lazkao ez dela “edozein herri” esan du, “euskal kulturaren eta memoria kolektiboaren erreferenteetako bat da Lazkao”. Lazkao Txikiren “ondarea” jo du adibidetzat. “Kultura ez da kutxa batean sartzen den ondarea, gehiago da: belaunaldiz belaunaldi kultura eta euskara transmititzeko altxorra da, eta hezkuntza transmisio horren funtsa da”.
Eguneko adierazpen politiko orokorrak ere egin ditu, azken aldian Pisa azterketen emaitzek sortu duten arrabotsaren erdian, bere hitzaldia baliatuz. “Herri batek kultura eta hizkuntza bizirik eta sendo mantendu nahi baditu, hezkuntza ezinbestekoa da. Ikastolen ekarpen historikoa testuinguru horretan kokatzen da, gaur hemen azpimarratu nahi dudana. Ikastolen historia, ausardiaren eta konpromisoaren historia da, eta etorkizunari begiratzeko sena. Balio horiek dira euskal hezkuntza sistemaren balioak”.
Hezkuntzak “pertsona osoak eta herritar arduratsuak, kritikoak eta solidarioak” hezten dituela gehitu du, eta aukera berdintasuna bermatzen duela argitu. “Horregatik, inoiz baino gehiago, euskarak eta hezkuntzak eskutik helduta joan behar dute. Euskara gure identitatearen parte da, gure kultura ulertzeko gakoa. Eta, aldi berean, etorkizunerako aukerarik indartsuena”. Euskal hezkuntza sistemaren “erronka nagusietako bat” ikasle guztiek “euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan gaitasun sendoak garatzea” da: “Mundura begira eta irekita bai, baina sustraiei lotuta bizi diren herritarrak nahi ditugu”.
Euskara “indartu” beharra dagoela ohartarazi du, “erabili eta transmititu” egin behar da. Hizkuntzari “espazioak, prestigioa eta etorkizuna ematea guztion ardura” da. Kilometroek “indarra” islatzen dutela esan du, eta “bidea denok elkarrekin” egitera gonbidatu du.
Mezu hau bota du azkenean: “Jarri dezagun hezkuntza aurrerapenaren erdigunean, euskararen indarraren erdigunean. Jarrai dezagun herri gisa, belaunaldiz belaunaldi etorkizun hobea eraikitzen. Euskararekin, bai edo bai. Gora Kilometroak, gora ikastolak, eta gora euskaraz egin behar duen euskal hezkuntza sistema”.
Eider Mendoza: “Misioa lortuko dugu, beti ere elkarlanean”
“Euskal Herri euskalduna heztea da misioa” esanez hasi da Eider Mendoza diputatu nagusia. Misioak bisioa eta elkarlana eskatzen du. Josu Erguin eskertu eta zoriondu du, publikoan entzule zela, txaloak ernearazita. Goiberri astekarian hari egindako elkarrizketa aipatu du. Lehenengo Kilometroak gogorarazi ditu, dirua biltzeko ahalik eta gehien ibiltzen zirenak, Aita Barandiaran sasoiko oinez, Mikel Laboa kantuan… “Oroitzapen oso ederrak dira. 50 urtean ibilian-ibilian aritu gara, orain bueltan dator berriro ere, eta orain ere honek bisioa, elkarlana eta konpromisoa eskatzen du. Misio hori burutu dezagun”.
Lazkao Txikiren bertso bat errezitatu du Mendozak ere, Oiartzunek kantatutakoa: “Egin zazute kalean, eta egin zazute etxean, gure mintzoak iraun dadin, betikotasun guztian. Konpromiso horri eutsiz, misioa lortuko dugu, beti ere elkarlanean”.
Aitor Elizaran: “Murgiltze ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa”
Kilometroak Kultur Elkarteko Aitor Elizaranek ere Josu Erguini eskerrak eman dizkio. “Zure ekarpenari esker, gaur hemen gaudenok badugu herriz herri bizirik iraun duen jai, auzolan eta elkartasun eredu bat”. Antton Mendizabal ere eskertu du, Kilometroen lekukoa sortu eta diseinatu zuena. Ekitaldian aurre-aurrean jarrita, presente egon da lekukoa.
Kilometroak eta beste herrialdeetako festa kideak ez direla “jai soil bat” esan du: “Ikastolen aldeko tresna garrantzitsuak dira, euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko tresnak, herri ekimenaren eta elkarlanaren adierazpen; eta, batez ere, ezinezkoa posible egiteko dugun gaitasunaren erakusgarri”.
Euskararen murgiltze eredua ezin dela zalantzan jarri ohartarazi du Elizaranek, Pisa azterketen zurrunbiloaren harira, horretarako “saiakerak” ikusi dituztela salatuz. “Saiakera horien aurrean, argi diogu: murgiltze ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa. Euskara delako gure herria josten duen haria eta herri kohesiorako bermea. Argi diogu: euskal hezkuntzak eta euskal gizarteak euskara gehiago nahi eta behar dute”. Txalo zaparrada piztu du adierazpen horrek jendearengandik.
Herri gisa “aurrera” egiteko unea dela esanez bukatu du. “Jauzia elkarrekin eman behar dugu, ezinbestean, hezkuntza komunitateak, herri eragileek eta erakunde publikoek bat eginda. Duela 50 urte batzuek ezinezkoa zela ziotenari ekin zioten; gaur hemen gaude bide hura ospatzen, eta bide berriak irekitzen. Etorkizunean ere ezinezkoa posible egiten jarraituko dugu euskaraz, elkarlanean eta Euskal Herri osoa aintzat hartuta. Mugimendua gara, dabilen herria garelako”.
Urriaren 18an Zizur Nagusian Nafarroa Oinez festa ospatuko dela gogoratu du, eta denak hara joatera gonbidatu ditu.
Garabide elkarteak gonbidatuta, 11 komunitatetako ordezkariak
Kilometroen irekiera ekitaldian izan diren eragile eta ordezkari ugarien artean, mundu osoko 11 hizkuntza komunitatetako ordezkariak ere baziren. Garabide elkarteak gonbidatuta, 15 eguneko egonaldia egiten ari dira Euskal Herrian. Hizkuntza gutxituetako ordezkariak dira guztiak ere, Ertamerika, Hegoamerika eta Afrikatik etorriak. Euskal Herrian euskararen biziberritzean egin diren urratsak eta garapena ezagutzeko jardunaldietan ari dira parte hartzen.












