Kilometroen lekuko berria sortu dute, eta Bergarako Aranzadi ikastolak hartu du 2027koa antolatzeko ardura
Antton Mendizabalek diseinatutako lekukoak Lazkaon amaitu du 50 urteko ibilia. Gotzon Huegun eskultoreak sortu du berria. Lazkaoko Ikastolak Bergarako Aranzadi ikastolari eman dio lekukoa, 2027ko festa antola dezan.
Goizeko ekitaldiaren bukaeran, berritasun aipagarri bat aurkeztu du. Kilometroen lekukoak 50 urteko ibilia Lazkaon amaitu du, eta berria erakutsi dute jendaurrean. Orain artekoa, urterik urte eta herririk herri Kilometroak antolatu duen ikastolak eduki duen zurezko eskultura, Antton Mendizabalek (Donostia, 1945) egina zen. Gaurdanik abian jarri den berria, berriz, Gotzon Huegun artistak (Donostia, 1972) diseinatu du. Ekitaldian bertan izan da, lekukoa aurkezten.
Bi haurrek eskuetan hartuta eraman dute oholtzaraino lekuko berria. Han, mahaitxo baten gainean, ekitaldi osoaren testigu egon den lekuko zaharraren ondoan ipini dute. Harrera egiteko, oholtzara igo dira Gipuzkoako 31 ikastoletako ordezkariak ere.
“Lehenengo lekukoa ardatza bezala hartu, eta mugimendu dinamikoa adierazten duen zirkulua du adierazgarri. Hiru partez osatuta dago eskultura: ikasleak, gurasoak eta ikastolako irakasle eta langileak. Denek bat egiten dute irudian. Hutsunea etorkizunari begiratzeko leihatila bat da”, azaldu du Gotzon Huegunek artelan berria.
Lekukoa Bergarako Aranzadiri
Aro berri bat hasteko irudikapena izan da lekuko berriaren aurkezpena. Lazkaoko ikastolako lehendakari, zuzendari eta Kilometroen koordinatzaileak, Bergarako Aranzadi ikastolako kideei eman diete lekukoa.
“Ohore eta erantzukizun handia da Bergarako Aranzadi ikastolarentzat, herri eta ikastola aitzindari eta eredugarri den Lazkaoko Ikastolarengandik jasotzea lekuko berri hau. Arduraz eta erantzukizunez hartzen dugu Gotzon Huegunek egindako lekuko hau. Huts-hutsik eta garbi ikusten dugun lekuko hau, orain arte egin dugun moduan, guztion indarrez bete dezagun hurrengo 50 urteetan”, adierazi du Aranzadi ikastolako ordezkariak.
2027ko Kilometroak, horrenbestez, Bergaran ospatuko da, Aranzadi ikastolak antolatuta.












