Lazkaon Kilometroak martxan da
Goizeko hamarretan zabaldu dute ikastolaren aldeko festa. Jendea erruz ari da gerturatzen, egun guztiko egitarauarekin gozatzeko.
Trikitilariak, Kilometroen hasierako kalejira girotzen. Aimar Maiz Ibilian-ibilian, buelta! leloarekin, Lazkaon Kilometroak festa ospatzen hasi dira, Euskal Herri guztitik etorritako euskaltzaleak. 50. aldiz egingo da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, Beasain-Lazkaoko 1977ko aldi hartatik.
Goizean hamarretan hasi da egitarau ofiziala, irekiera ekitaldiarekin. Aurretik, Lazkaoko eta Goierriko 16 txistularik ordubeteko kalejiarekin esnatu dute herria.
Egon-giro bikainarekin, Lazkaon antolatutako lau gunetan eta haien arteko kaleetan garatuko da egitaraua.
Garraio publikoa
Gozieko lehen ordutik, jende asko ari da Lazkaora bertaratzen. Aldundiak indartu egin du Lurraldebusen autobus zerbitzua. GO01 eta GO05 lineak ohiko lanegunetako ordutegiekin ari dira garraioa ematen, 07:00etatik aurrera. GO01 linea Zaldibia-Ordizia-Beasain-Idiazabal-Segura-Zegama ibilbidean sartuko da Lazkaora. GO05, berriz, Lazkao-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Ezkio-Itsaso-Zumarraga bidean ibiliko da.
Autoak uzteko bi aparkaleku handi atondu dituzte: Senpere auzoan CAF lantegikoa, eta Ataun aldera Zubierreka industrialde berriko urbanizaziokoa. Horiez gain, autokarabanen aparkalekua Biona baserriko zabalgunean egokitu dute, ezinduen autoak uzteko Irizar Forge lantegian, eta bizikletak uztekoa mojen komentu ertzeko parketxo hesituan.
Eguraldia, ateritik
Goiza 16 graduko tenperaturarekin hasi da, eta ateri, gau euritsuaren ondoren. Euskalmeten iragarpenaren arabera, ateri eutsiko dio gaur. “Hodeiak urdinguneekin tartekatuko dira, baina eguerdi aldera eta arratsaldearen hasieran, ostarte zabalak agertuko dira. Baliteke, arratsaldean eta gauean, han-hemenka, zaparrada bakan batzuk egitea berriro, bereziki barnealdean, baina, oraingoan ahulak izango dira”. Ekialdeko haizea ibiliko da, ipar-ekialdeko ukitu batekin arratsaldean. Tenperatura maximoak 20 eta 25 ºC artekoak izango dira.

Trikitilariak, Kilometroen hasierako kalejira girotzen.Aimar Maiz
EGITARAUA
1. Gunea. Iturrialde aparkalekua
- 11:00-12:00. Edu Zardoya
- 12:30-13:30. Skabidean
- 14:00-15:30. Muxutruk
- 16:00-17:00. Nafarroa 1512
- Ondoren. Suthai batukadarekin gunearen itxiera
2. Gunea. Lazkao Txiki plaza
- 11:00-12:00. Oin Arin dantza taldea
- 12:30-13:30. Herri kirolak desafioa (Lazkaomendi-Urretxu)
- 13:30-14:30. Bertsolariak
- 15:00-16:00. Sukia eta Marki trikitilariak
3. Gunea. Ikastola/ Plaza
- 9:00-10:00. Goizeresia txistulariekin eta Lazkaoko Joaldunekin
- 10:00-10:30. Irekiera ekitaldia Ikastolan (DBH eraikinean)
- 11:00. JTK Joaldunak
- 12:00-13:00. Trakamatraka (udaletxe aurrean)
- 15:00-17:00. Goxuan Saltsa
- 17:30-19:00. Gozategi (Alaitz eta Maider)
4. Gunea. Hirigoien plaza/ Gurutze kirolgunea
- 10:00-10:45. Erronka irekiera
- 10:00-12:00. Dj Kaktus
- 12:00. Buruhandi eta erraldoien konpartsaren irteera
- 12:30-13:30. Esanezin
- 14:00-15:00. Eider Saez
- 15:30-16:30. Goazen












