Txertoguneetako bat, Beasainen
Urriaren 19tik azaroaren 1era egongo dira erabilgarri, Beasainen ez ezik, Arrasaten, Eibarren, Irunen, Tolosan eta Donostian.
Osasun Sailaren gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainaren aurkezpena.Irekia Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gaur hasi du gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina. Hitzordurik gabe joan ahal izateko txertoguneak ezarri dituzte, eta horietako bat Beasainen dago. Urriaren 19tik azaroaren 1era egongo dira erabilgarri.
Zeure burua zaintzea denok zaintzea da. Txertoa jarri da Osakidetzaren kanpainaren leloa. Lehen Mailako Arreta izango da txertoa hartzeko bide nagusia, aurretik hitzordua hartuta, baina berritasun gisa txertoguneen eredua ezarri dute. Beasainen, Arrasaten, Eibarren, Irunen eta Tolosan 15:00etatik 20:00etara egongo dira martxan, eta Donostian Groseko osasun zentroan 08:00etatik 20:00etara.
Kanpaina talde zehatz batzuetara bideratu dute nagusiki: 60 urte edo gehiagoko pertsonak, 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak, haurdun dauden emakumeak, gaixotasun kronikoak, immunodepresioa edo beste arrisku-baldintza batzuk dituzten pertsonak, egoitzetan edo beste zentro instituzionalizatu batzuetan bizi diren pertsonak, osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak, zaintzaileak eta pertsona kalteberekin bizi diren pertsonak eta haur-eskoletako eta oinarrizko zerbitzuetako langileak eta animaliekiko lan-esposizio zuzena duten pertsonak.
Gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzea gomendatuta duten pertsonen kasuan –70 urtetik gorakoak eta eskatzen duten 65 urtetik gorakoak–, bi txertoak aldi berean jaso ditzakete.













