Udaltzaingoak DGTaren trafiko arau berriak gogorarazi dizkie herritarrei
Urriaren 1ean sartu da indarrean Errege Dekretu berria. Espaloitik edo oinezkoen eremutik zirkulatzeagatik, 200 euroko isuna ezarri dute.
Txirrindulari bat Beasaingo Nafarroa etorbidean.Laida Goiburu Beasaingo Udaltzaingoak DGTaren trafiko arau berriak gogorarazi dizkie herritarrei. Zirkulazioko Erregelamendu Nagusiaren aldaketa egin du DGTk. Urriaren 1an sartu da indarrean 518/2026 Errege Dekretu berria.
Udaltzaingoak adierazi duenez, aldaketen helburu nagusia oinezkoen eremuak babestea eta bide publikoan trafikoa hobetzea da.
1. Pertsonen Mugikortasunerako Ibilgailuak (patinete elektrikoak):
- Gutxieneko adina: gutxienez 15 urte patinetea gidatzeko.
- Babes-kaskoa: homologatutako kaskoa eraman behar da, adina edo ibilbidearen luzera edozein dela ere.
- Espaloiak debekatuta: debekatuta dago espaloietan, plazetan, pasealekuetan eta oinezkoen guneetan ibiltzea.
- Ikusgarritasuna: gauez edo ikusgarritasun txikiko egoeretan txaleko edo elementu erreflektantea erabili behar da (gutxienez 150 metrora ikusteko modukoa). Norabide aldatzeko maniobrak besoarekin adierazi behar dira.
- Mugak: gehienezko abiadura 25 km/h-koa da eta pertsona bakarrak bidaia dezake.
2. Bizikletak:
- Erreiaren erdialdetik: hiri-bideetan (bereziki errei bakarreko kaleetan), txirrindulariak erreiaren erdialdetik ibiliko dira nagusiki, eskuineko bazterbideari atxikita ibiltzeko betebeharra kenduta, ikusgarritasuna irabazteko eta aurreratze arriskutsuak saihesteko.
- Segurtasun-distantzia: motor-ibilgailuek gutxienez 5 metroko distantzia utzi beharko dute aurretik doazen txirrindularien atzetik zirkulatzean.
3. Motorrak eta Lizentziadun Ibilgailuak:
- Oinetakoak eta babesa: debekatuta dago txankleta edo oinetako irekiekin zirkulatzea.
- Eskularruak: nahitaezkoak dira gidarientzat zein bidaiarientzat herriarteko bideetan.
- Kaskoa: UNECE R22 arauaren arabera homologatutako kaskoa eraman behar da.
4. Lanean ari diren profesionalak (banatzaileak):
- Kaskoa: Banatzaile eta profesional guztiek kaskoa eta ikusgarritasun handiko txaleko erreflektantea eraman beharko dituzte une oro.
5. Oinezkoak:
- Espaloiak: oinezkoentzat bakarrik dira espaloiak. Salbuespen bakarra 12 urte arteko haurrena da, baldin eta oinez doan heldu baten zaintzapean bizikletan badabil.
Datu, kopuru eta zigor nagusiak
Araudia indarrean da jada. Autoek bizikleten atzetik 5 metroko tartea utzi behar dute gutxienez. Espaloitik edo oinezkoen eremutik zirkulatzeagatik, 200 euroko isuna ezarri dute, eta 40 eurokoa patinetean kaskoa ez janzteagatik, maniobrak besoarekin ez adierazteagatik edo 15 urtetik beherakoa izateagatik.













