XI. Gaztaren biltzarra ostiralean egingo dute, Oiangun
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak antolatutako XI. Biltzarra Oiangun egingo dute. Izaera tekniko eta praktikoa uztartuta, egitarau ireki bezain parte-hartzailea ondu dute.
Kofradiako kideak eta Joseba Aranburu, gaurko aurkezpenean. Hitza EHUren Udako Ikastaroen barruan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Gaztaren kongresua egingo du ostiralean, urriaren 9an. Hamaikagarrena izango da aurtengoa, eta Ordiziako Oianguko parkea izango du topaleku. Gaur goizean egin dute jardunaldiaren aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta Gazta Kofradiako zein udaleko kideez gain, Joseba Aranburu Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendaria ere izan da aurkezpenean.
Artzaintza eta lehen sektorea erdigunean jarriko dituzte ostiralean, eta sektoreko profesionalek beren esperientziak partekatzeko espazioak sortuko dituzte, antolaketa-eredu ezberdinen zein egungo erronken inguruan hausnartzeko. Ekimen honen garrantzia azpimarratu du Aranburuk: “Artzaintzak elikagaiak ekoizten ditu, baina aldi berean, lurraldea kudeatzen laguntzen du, eta garrantzitsua da hori guztia balioan jartzea”.
Norabide horretan, aurreko hamar edizioetan izandako helburuak mantenduko dituztela azaldu dute Kofradiako kideek: lehen sektorea babestea eta horren barruan, bereziki, artzainei eta haien produktuei bultzada ematea. Horien artean gaztak duen balioa ere nabarmendu dute: “Leku berezia du gaztak, historikoki Ordiziako Azoka tradizionalarekin lotura estua izan baitu”.
Aurtengo egitarauak, hala, izaera tekniko eta praktikoa izango duela aurreratu dute, eta iazko formatu ireki eta parte-hartzaileari eutsiko dio. Elkarlanari balioa ematea ezinbestekoa dela gaineratu du Aranburuk: “Sektorearen etorkizuna ez dago eragile bakar baten esku; indarrak batu, esperientziak partekatu eta elkarlanean aurrera jarraitzea dagokigu, artzaintzak eta lehen sektoreak gure lurraldean etorkizuna bermatuta izan dezaten”.
Programa
- 10:00. Biltzarraren inaugurazioa. Idoia Otaegi, EHUko Udako ikastaroen zuzendaria eta agintariak.
- 10:15. Lehen ponentzia. Enrique Fantova, Oviaragon Taldeko zuzendaria. Oviaragon Taldea estatu osoko abeltzaintzako kooperatiba garrantzitsuenetako bat da, 600 abeltzain eta 600.000 ardi inguru dituena. Fontanova albaitaria eta artzaina da. Erretiroa orain gutxi hartu arren, familia-artaldeari eusten dio oraindik.
- Hitzaldia: Oviarangon – Grupo Pastores SCL. “Elkarrekin. Posible da”
- 11:00. ‘Kaxkagorri’-ren proiekzioa. Nazioartea hedapen handiko dokumentala, Joxe Ramon Agirre Marronek egina.
- 11:30. Bigarren ponentzia. Rafael Sanchez, COBADUko zuzendari nagusia. COBADU nekazaritza-kooperatiba bat da, estatuko garrantzitsuena eta Europako inportanteenetako bat, 12.000 kooperatibista inguru dituena. Albaitari eta artzain izandakoa da, baina oraindik ere familia-artaldeari eusten dio.
- Hitzaldia: Lankidetza eta elkarlana, sektoreko desafioak eta mehatxuak gainditzeko.
- 12:15. Lehiaketa probak.
- Aurrerako arkume edo arkasta baten pisua asmatzea.
- Bi gazten pisua asmatzea.
- Bost ardi pisuaren arabera sailkatzea.
- 100 ardi inguruko artaldean artaldekoa ez den ardia aurkitzea.
- 14:00. Sari banaketa.
- 14:30. Bazkaria. Menua: ajoarrieroa, txahal hanburgesa, saiheskia tenperatura baxuan errea eta txuleta parrilan egina. Eta postrea.
- 17:00-17:30. Bote Luzea modalitateko erakustaldi-partida. Gipuzkoako selekzioko zortzi jokalarien eskutik.













