Legazpiko Asanblada Feminista Elkar Zainduz Legazpin kanpainaren aurka agertu da
Zaintza sistema publiko-komunitarioa ez dela "eslogan bat" diote, eta "ausardia desinteresatua" eskatzen diote udalari.
Legazpiko Asanblada Feministak publiko egin du herriko Udalak Gipuzkoako Aldundiarekin batera burutzen ari den Elkar Zainduz Legazpin kanpainaren aurkako jarrera idatzi baten bidez. Asanblada Feministak udalaren “itxurakeria instituzionala” salatu du bertan,.
Zaintza sistema publiko-komunitarioa “ez da eslogan bat” diote idatzian. Terminologiaren “desitxuraketa” baliatuz, “eragile eta zaintza-langileen borroka ezabatu” nahi dutela salatzen dute, eta “saiakera hau” Elkar Zainduz Legazpin proiektuaren izenpean ematen ari dela.
Proiektuaren butzatzailen hitzak ekarri dituzte gogora horretarako: “Elkar Zainduz Legazpin ez da sare berri bat sortzeko jaio. Dagoeneko badagoena indartzeko jaio da. Herria zaintzen duten pertsonak, elkarteak eta zerbitzuak elkar hobeto ezagutu, duten ezagutza partekatu eta gehiago elkarlanean aritu daitezen”. Idatzian jaso dutenez, “hori da udalak zaintzatzat ulertzen duena: herriak bere gain modu solidarioan —eta ez komunitarioan— hartu beharreko jarduna. Instituzioen lana ez da baina, erakunde sozialak gidatu eta artikulatzea, hori gure kabuz egin genezake”. Aldiz, hau eskatzen dute: “Aldarriei jarraituz, baliabide, azpiegitura eta zerbitzuak sortzea, eta soilik langileen baldintza duinak bermatzen dituzten enpresak kontratatzea, besteak beste”.
Profesionalizatutako herriko zaintza gehiena kanpo-enpresen esku dagoela ere salatu dute, “eta udala zenbait zerbitzuren kontratatzailea izan arren, ez ditu langile horien baldintzak gainbegiratu eta bermatzen”. Horren adibideak ere aipatu dituzte: SADeko langileak. “Horregatik, ez dugu ulertzen paraleloki zaintzen ordezkari gisa jokatzea, eta, are gehiago, zeharo inkoherentea dela deritzogu”.
Horrez gain, herritik egindako aldarriei “entzungor” agertu direla diote. “2023. urteko azaroaren 30ean Zaintza Eskubide kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra egin zen Euskal Herrian. Grebaren prestaketak eragile sozial ezberdinen eta zaintza langileen arteko koordinazioa eskatu zuen, eta bidean, aliantza berriak sortzeko aukera izan genuen. Beste herri askotan bezala, Legazpin ere Zaintzen Asanblada sortu zen. Hausnarketa eta ekintza horietatik Legazpiko zaintza egoera hobetzeko aldarrien zerrenda osatu genuen. Zerrenda hori birritan helarazi diogu udalari. Eskatutakoak haien eskumena ez direla esatearekin bukatu dira beti komunikazioak. Eta proposatutako neurriren bat aurrera eraman dutenean (haur txokoa, kasu), euren aldeko tantoa markatu nahi izan dute”.
Herriko zaintza-langileen aldarriak ere aipatu dituzte idatzian Asanblada Feministakoak, eta egoitzako langileen greba eta kontzentrazioak gogoratu dituzte. “Haiek dira dioten Legazpiko “zaintza ekosistemaren motorra. Nola ulertzen da, beraz, entzungor jokatzea? Beste alde batera begiratzea? Konplizitate keinutzat hartzen dugu guk, zaintzarekiko duten konpromiso ahularen adibide. Inkoherentziaren beste adierazle bat”.
Hori guztiagatik, “ez dugu zaintza lanen erromantizazioa onartuko: ez itxurakeria, ez eragileen eta langileen borrokaren desitxuraketarik. Ausardia desinteresatua eskatzen diogu udalari, asko eskatzea ez bada”.













