Azaren familiako lehen barazkiak iritsi dira feriara
Tenperaturak freskatu dira, eta euria ere hasi da, perretxikoentzako baldintza paregabeak. Lehen niskaloak eta bertako onddoak aurkeztu dituzte.
Azaren familia udazken giroarekin iritsi ohi izan da Ordiziako feriara, eta aurten ere hala egin du, tenperatura freskatzearekin batera eta euria hasitakoan. Baina uda beroa eta luzea joan dela eta, familia horretako kide batzuk besterik ez dira iritsi oraingoz, eta gainerakoek datozen asteetarako egin dute hitzordua.
Iritsi direnak aza arrunta, aza kixkurra, idi-bihotz aza eta kale aza dira, eta gaur hainbat postutan ikusi dira salgai. Aza arrunta, esaterako, Gabiriako Anttoni Murgiondok izan du aukeran, ale ederrak gainera; batek hiru kilotik gorako pisua zuen. Aza horiek handiak zirenez, 5 eta 6 euro artean saldu ditu. Aza kixkurra eta idi-bihotz aza, berriz, Monteseko Arantxa Iparragirrek jarri du salgai, pieza bakoitza 2,5 euroan. Eta kale aza, azkenik, Natalia Magallanesen postuan erosteko aukera egon da, sorta 2 euroan.
Azak, bestalde, oso konpainia ona egiten dio indabari, eta hori erosteko aukera geroz eta zabalagoa da ferian, nahiz eta ekoizleek dioten bezala, aurten beste urteetan baino gutxiago egongo den. Simon Aizpuru ere hasi da indaba beltza saltzen, kilo 20 euroan, baina iazkoa ere badu oraindik, 18 euroan.
Eguraldi freskoaekin lotzen diren barazkiak eta jakiak dira hauek guztiak, baina ez dira Plaza Nagusiko postuetan garai horietarako proposatzen diren bakarrak. Eskarola kixkurra eta txikoria dira horietako beste bi, eta 1,5 euroan daude salgai.
Sagarrak eta erle kontuak
Sagarrak ere garai honetakoak dira, eta hainbat postutan erosi badaitezke ere, Simon Aizpuruk eta Jose Antonio Elosegik dute aukera zabalena. Elosegik guar mota berriak aurkeztu ditu: erreineta grisa, bella de boskoop, stpry eta crimposn crisp, gorri-gorria azken hai. Sagar berrien kiloa 3,5 euroan dago.
Erle kontuak ere aipatu behar dira, Jon Etxeberriak, eztiaz gain, beste produktu batzuk ere jarri dituelako salgai gaur. Propolia izan da bat, eta 30 ml.ko potea 10 euroan dago. Bestetik, argizari garbia ere erosi daiteke Gozatu markarekin lan egiten duen erlezain honen postuan: 100 gramoko laminak 4 euroan ditu.
Perretxikoak hasi dira mugitzen
Perretxikoetan, bestalde, berritasunak izan dira gaur, aspaldiko partez, eta bertako onddoa izan da bat. Zurutuza ahizpek kilo bat aurkeztu dute, baina enkargatuta zutenez, inork ez du erosteko aukerarik izan, ez hori behintzat. Kanpoko onddoak, berriz, izan dira aukeran: Lasa eta Barcinaren artean 70 kilo eskaini dituzte, kiloa 15 eta 38 euro artean. Zuruzutarrek 40 euroan saldu dute bertako kilo hori.
Niskaloak ere berriak izan dira, eta Lasarenean jarri dituzte salgai, hamar kilo, kiloa 28 euroan, mendiko angulekin batera. Horiek ere, hamar kilo izan dira, eta kiloa 30 euroan jarri dute.
Perretxikoen eskaintza osatzeko, 25 kilo ziza hori ere eskaini dituzte Lasaren eta Barcinaren artean, kiloa 20 eta 22 euro artean.
Piper gehiago
Zuhaiztira joanda, piperrez beteta jarraitzen dute oraindik fruta saltzaileen postuek, kontserbak egiteko garaia amaitzen hasi bada ere. Najeranoak aspaldi hasi ziren saltzen, kiloa 1,45 eta 1,95 euro artean, eta azken asteetan pikilloa ere badago aukeran, kiloa 2 euroan.
Pikilloa erreta ere badago salgai, plastikozko poltsetan hutsean ontziratuta. 300 gramoko poltsak dira, eta prezioa 5,9 eurokoa da.


















