San Migeleko Kristo zaharberritzen ari dira
Parrokiko batzordeak bultzatutako lanak dira, eta jatorrizko irudiak zuen itxura azaleratzea dute helburu. Nahaia Alberdi eta Sara Illarramendi adituen esku daude zaharberritze lanak, eta igandean bertatik bertara ikusi ahal izango dira lanean.
San Migeleko Kristok itxura berritua izango du Aste Santuko prozesiorako. Parrokiko Batzordeak bultzatuta, irudia zaharberritzen ari dira bi aditu, elizan bertan, areto batean. Hurrengo igandean, aretoko ateak ireki egingo dituzte lanak bertatik bertara ikusi nahi dituztenentzat, 13:00etatik aurrera.
Ricardo eta Juan Mari Burguera parrokiko batzordeko kideek azaldu dutenez, gurutziltzatutako Kristoren irudi hau San Migel baselizan zegoen lehen, eta Telleriarteko bizilagunek eramaten zuten Aste Santuko prozesioan. Baina aurreko mendetik parrokian dago, ate nagusitik sartu eta eskuinetara. «Uste dugu 1960-1970 hamarkadetan ekarri zutela parrokiara».
XVIII. mendeko irudia dela uste dute, baina «ez dakigu zehazki noizkoa, ezta San Migelera nola iritsi zen ere. Domingo Agirre apaizak elizan zeuden elementuen zerrenda egin zuen 1700 inguruan, eta orduan ez zen agertzen, eta ez zuen beste gurtzearen aipamenik egiten ere. Horregatik uste dugu XVIII. eta XIX. mendeen artean baten batek parrokian zegoena eraman zuela hara. Baina ez dago ezer dokumentatuta».
Zaharberritzeko premia
Egilerik ez da ezagutzen, «seguruenik intxaurrondo egurrezkoa, garai hartako figura eta erretaula guztiak bezala». Gorputza pieza oso bat da, eta besoak erantsita ditu. «Ez dago oso egoera txarrean, baina zaharberritzeko premia bazuela iruditu zitzaigun». Eta lan horri heldu diote, Aste Santuko prozesioan ateratzen diren gainerako figura guztiak konpondu eta gero. «Guk, parrokiko batzordekook berritu ditugu irudi guztiak, Nazarenoarena kenduta. Hori Askasibarrek egindakoa da, egurrezkoa, eta profesional baten lana eskatzen zuen». Profesional hura, Nahia Alberdi azpeitiarra izan zen, ondasun kulturalen kontserbaziorako eta zaharberritzerako teknikaria.
Eta oraingoan ere, Kristoren irudiaren kalitateak eta balioak bultzatuta, teknikari horrengana jo dute berriz. Duela aste batzuk hasita, Sara Illarramendi errenteriarrarekin batera ari da lanean Alberdi. Illarramendi ere arlo bereko teknikaria da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuan elkarrekin lan egindakoak dira. «Gogotsu ari dira lanean biak», diote Burguera anaiek.
Jatorrizko koloreak agerian
Zirujauak balira bezala egiten dute lan bi, erreminta txiki eta doitasun handikoekin. «Egurrezko taila polikromatua da, eta ez dakigu zehazki noizkoa den. Lehenik, zein kontserbazio egoeratan zegoen aztertu genuen, eta ondoren nola jardun zehaztu genuen».
Irudi osoa estaltzen duen berniza oxidatuta zegoela ikusi zuten, «denborarekin horitzen joaten delako», eta ondorioz jatorrizko margoaren kolorea ez zen ondo antzematen. «Behin berniza kenduta, argiagoa ikusten da, eta hainbat tokitan ikusten ez zen pintura agerian geratuko da». Momentuz, berniza eta zikinkeria kentzen ari dira, baita piezaren egonkortasuna ziurtatzen ere. Izorratuta dauden guneak ere konponduko dituzte, «gero, berriz eztukatu eta margotuko ditugu, eta amaieran berniz berria emango diogu irudi osoari».
Alberdi eta Illarramendi asteburuetan ari dira lanean batez ere, eta ordu asko beharko dituzte amaitzeko, baina Aste Santurako irudi berritua prest egongo dela ziurtatu dute.

San Migeleko Kristoren irudia Aste Santuko prozesio batean, Telleriarteko bizilagunek eramanda.













