Eguneko Zentroko erabiltzaileen marrazki erakusketa dago ikusgai Kultur Etxean
Denbora joan arren oroitzapenak ez direla galtzen islatu nahi izan dute marrazkien bidez. Ostirala da erakusketa ikusteko azken eguna.
Erakusketaren inaugurazioa.Eguneko Zentroa Legazpiko Eguneko Zentroko erabiltzaileen marrazki erakusketa dago ikusgai egun hauetan Kultur Etxean, 17:00etatik 20:00etara. Asteartean inauguratu zuten, senitartekoekin, Nagusilan elkarteko boluntarioekin, udal ordezkariekin eta herriko hainbat ikaslerekin batera, eta bihar da ikusteko azken eguna.
Ikusgai dauden lanen gaia oroitzapenak da. Eguneko Zentroko arduradunek azaldu dutenez, “udazkena iristearekin batera, denbora iragan arren oroitzapenek gurekin jarraitzen dutela beti hausnartu dugu, eta hori islatzeko marrazkia aukeratu dugu”. Erabiltzaile bakoitzak bere bizitzako oroitzapen atseginekin zerikusia duten marrazkiak aukeratu ditu, eta testu labur batekin lagundu dute erakusketarako.













