Kulturen arteko eguna ospatzeko urriaren 17a aukeratu dute
Udalak eta Hotz Legazpi elkarteak antolatutako festan 15 herrialde desberdinek izango dute ordezkaritza aurten. Gastronomiak, musikak eta beste kultur adierazpenek izango dute tokia topaketan.
Legazpiarren jatorri aniztasunaren erakusleiho bihurtuko da herriko plaza aurten ere Kulturen Arteko Egunean. Udalak eta Hotz Legazpi elkarteak antolatuta, urriaren 17an ospatuko da, hirugarrenez, eta hainbat berrikuntzekin.
Antolatzaileek atzo aurkeztu zuten egitaraua udaletxean egindako ekitaldi batean, festa egunean parte hartuko duten hainbat herritarrez lagunduta. Udalaren aldetik Miryam Galileak parte hartu zuen aurkezpenean, Hotz Legazpitik Mari Romerok, eta festako partaideen ordezkari gisa, Eli Coellok eta Karen Salgadok.
Festa hau antolatzeko, bestalde, herriko hainbat komertzio, enpresa eta elkarteren laguntza izan dute. Bikain mediku zentroa, Konekt ile apaindegia, KTE kaleko tabernarien elkartea, Irizar, Urola Packaging, Gizarte Zentroko taberna, Oskarbi optika, Legazpiko talde feministak eta Mundutik Legazpira elkartea dira laguntzaile horiek.
Hamabost herrialde
Kulturen Arteko Egunaren hirugarren edizioa hurrengo asteko larunbatean, hilaren 17an, ospatuko da, Euskal Herria plazan eguraldi ona egiten badu, edo Azokan eta Urbeltz pilotalekuan euria egiten badu. Bertan kokatuko dira jatorri ezberdinetako legazpiarren postuak, hamabost, bakoitza bere herrialdea gastronomiaren eta kulturaren bidez ordezkatuz. Haurrentzako txokoa, tailerrak, artisauak eta musika ere izango dira egunean zehar.
Iaz baino bi herrialde gehiago ezagutzeko aukera izango dira aurten. Errumania eta Kosta Rica berriak izango dira, eta iaz parte hartu zuten Kuba, Senegal, Nikaragua, Nigeria, Venezuela, Euskal Herria, Peru, Kolonbia, Argentina, Honduras, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Pakistani gehitu zaizkie festarako.
Desfilea, aurtengo berritasuna
Herrialde guzti horien ordezkaritzek elkarrekin Laubidetik plazara egingo duten desfilearekin hasiko da Kulturen Arteko eguna. Edizio honetako berritasun nagusia da desfilea, 10:30ean hasiko da, eta antolatzaileek bertara batzera deitu dituzte gainerako legazpiarrak.
Iaz bezala, aurten ere Sutan Ttakun txalapartariek eta LaBatu batukadak parte hartuko du, eta perkusio tresnen erritmo horiez gain, dantzak ere izango du lekua. Izan ere, Mundutik Legazpira eta Korosti dantza taldeak eskainitako Munduko dantzak ikastaroan parte hartu dutenek prestatu duten koreografia erakutsiko dute.
Peruko eta Marokoko dantzak ezagutzeko aukera ere izango da, eta Bilbon egoitza duen Los Caporales San Simon Sucre taldeak Boliviako folklorea erakutsiko du.
Plazan izango dira emanaldi horiek guztiak, gastronomia eta artisautza postuen ondoan. Eta oso gertu, hainbat txoko izango dira, besteak beste mikromakramea, trentzak, henna eta arabiar idazkera lantzeko. Haurrentzako txoko bat ere izango da, Legazpiko Asanblada Feministak kudeatuta, eta joko eta jolas inklusiboak eskainiko dituena. Bertan erakutsi eta hautsiko dituzte igande honetako ikastaroan egingo dituzten piñatak. Inguru horretan jarriko dute mandingar perkusioa ikasteko txokoa ere.
Eta eguna borobiltzeko, Bizkaian egoitza duen Asammer Band musika talde marokoarraren emanaldia izango da.
Antolatzaileek Kulturen Arteko Egun honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete legazpiar guztiei, Hotz Legazpi elkarteko Mari Romeroren hitzekin: “Animatu urriaren 17an eta hurbildu plaza. Han herrialde asko aurkituko dituzue, probatu bere janari, hitz egin beraiekin, konpartitu denbora, eta ez ahaztu han egongo garen guztiak legazpiarrak garela”.

Eli Coello, Miryak Galilea, Karen Salgado eta Mari Romero, Kulturen arteko egunaren aurkezpenean













