Omenaldi beroa jaso du Ion Izagirrek bere ‘azken dantzan’
Cofidisek lasterketa honetarako bereziki diseinatutako bizikleta bat oparitu dio Izagirreri. Pelotoiak bizikletan airean hartu du lasterketa hasi aurretxoan.
Ion Izagirre gaur Bergamon (Italia) Lombardiako Giroa hasi aurretik pelotoiak egin dion omenaldian.AFP Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak agur esango dio gaur bere ibilbide profesionalari Lombardiako Giroan, Italian. Pelotoiaren omenaldi beroa jaso du Izagirrek lasterketa hasi aurretxoan, bere familiaren babesean. Ohiko denez, bizikletak airean pasilloa eginez hartu dute ormaiztegiarra. Remco Evenepoel, Isaac del Toro, Brandon McNulty edo, lagun mina duen Mikel Landak osatu dute lerroa, besteren artean.
Izagirrerekin batera, beste lau txirrindularik ere jaso dute omenaldia —Pello Bilbaok, Bauke Mollemak, Rudy Molardek eta Odd Christian Eikingek—; hauek ere agur esan diote gaur euren ibilbide profesionalari.
Omenaldiaren aurretik, Lombardiako Giroko antolatzaileen eskutik plaka bat ere jaso du Ormaiztegikoak, The last dance —Azken dantza— esaldia grabatuta zuela. Baina ez da Izagirrek gaur izan duen sorpresa bakarra. Izan ere, Cofidisek opari berezia egin nahi izan dio profesional gisa egingo duen azken lasterketa ofizialean, bere agurrerako bereziki prestatutako bizikletarekin. Bizikletak ikurrinak ditu aurreko urkilan eta atzekoan, baita goiko zorroan eta gurpilen hagunetan ere.
Koadroaren gaineko aldean, Izagirreren garaipenen zerrenda bat ere badago grabatuta, hala nola, Frantziako Tourreko bi garaipenak, Girokoa eta Espainiako Vueltakoa tartean. Grafitti bat ere badauka, Eskerrik asko esaldia eta Ion Izagirreren izenak osatuta.
Familiaren babesa
Eskumuturrean mina hartu zuen Izagirrek etxe inguruan entrenatzen ari zela eta hasiera batean, agurra ez zuela bizikleta gainean egiterik izango zirudien arren, azken unean Lombardiako Giroan parte hartzeko erabakia hartu zuen, baldintza normaletan osatzeko denbora gehiago behar duen lesioa den arren. Ondorioz, eskumuturrean ferula bat duela ari da parte hartzen lasterketan.
Emozioa erabateako izaten ari da gaur Izagirrerentzat. Txirrindularitzako profesionalen aitortzaz gain, bere familiak lagunduta ari da profesionalen mailako bere azken lasterketan parte hartzen. Bertan da baita, anaia Gorka Izagirre txirrindulari ohia ere.
Izagirreren azken lasterketa, Team Cofidisek bere sare sozialetan zabaldutako bideoetan:














