Argazkia, ostiraleko protagonista Legazpin
Irailean egindako argazki rallyaren sari banaketa ekitaldia egingo dute ostiralean, eta herriko hainbat argazkilariren erakusketa irekiko dute.
Argazki rallyko hainbat partaide. Ostirala argazkiaren eguna izango da Legazpin, Ikatza argazkilari elkarteak antolatutako bi jarduerek hala izendatuta. Sari banaketa eta erakusketa baten irekiera izango dira bi jarduera horiek, eta biak Kultur Etxean egingo dituzte.
Alde batetik, Batis Goikoetxearen omenezko argazki rallyaren sari banaketa ekitaldia egingo dute 19:00etan areto nagusian, partaide guztien lanak proiektatu eta gero. Irailaren 13an egin zen argazki rallya, 68 argazkilariren partaidetzarekin.
Bestetik, Ikatza elkarteko partaide diren Iosu Garai, Miguel Angel Perez, Gurutze Langarika, Jesus Alonso eta Jose Venegas herritarrek egindako argazkien erakusketa inauguratuko dute ondoko gelan. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara.













