Legazpiko udal zerga eta tasetan %3,6ko igoera aplikatuko dute datorren urtean
Iraileko udal osoko bilkurak eman zien hasierako onarpena ordenantza fiskal berriei. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk eta Legazpiko Berdeak+Independenteak, abstentzioa.
Ordenantza fiskal berrien inguruan egindako bozketetako bat.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak hasierako onarpena eman die datorren urteko ordenantza fiskalei. Iraileko osoko bilkuran aurkeztu zituzten 2027an herritarrei kobratuko dizkieten zergak eta tasak, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko sei bozkekin onartu zituzten, %3,6ko igoera orokorrarekin. EH Bilduko eta Legazpiko Berdeak taldeko zinegotziak abstentzioa eman zuten.
Igoera hori aurtengo uztaileko KPIak markatu du, aurreko urteetan bezala, eta zerga eta tasa gehienetan aplikatuko dute, salbuespen batzuk badaudelako.
Hobariak eta zerga berria
Ordenantza fiskalen barruan, hiru atalek aparteko lanketa izan zuten osoko bilkuran. Horietako bat, OHZ Ondasun Higiezinen Zergari dagokiona da, udal gobernu taldeak gainerako taldeen ekarpenak kontuan hartuta, hainbat hobari proposatu dituelako horretan, herriko 50 inguru familiei eragingo dizkienak. Hiru kolektiborentzako hobariak dira horiek, familia ugarientzako, guraso bakarreko familientzako eta genero indarkeriaren biktima izan direnentzako, hain zuzen. Hobari horiek, bestalde, familia bakoitzaren gaitasun ekonomikoa kontuan hartuta aplikatuko dituzte.
Bestetik, zerga berri bat sortu dute datorren urteari begira, egonaldi turistikoen gainekoa. Legazpin gutxieneko tarifak aplikatuko dituzte, egonaldiko 0,50 eurokotik 4,50era artekoak.
Eta salbuespen bat ere izango du ordenantza fiskal berrien igoerak, hondakinen bilketaren zerga %4,4 garestiagoa izango delako datorren urtean, Europak ezarritako legeari jarraituz aplikatuta. Lege horrek dio herri bakoitzak bere gain hartu behar duela zabor bilketaren kostu osoa.
EH Bilduk egindako ekarpenak ere kontuan hartu dira 2027ari begira, eta %50eko hobariak izango dira etxeko edo genero indarkeriaren biktimentzat trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan. Kiroldegiko tasetan, berriz, familia ugariei ematen zaien tratamendu bera emango zaie.
Emendakinak eta iritziak
Legazpiko Berdeak+Independenteak taldeak hainbat emendakin aurkeztu zizkien zerga eta tasa berrien proposamenei. Lehen emendakinak, instalazio fotovoltaikoak dituzten etxeei OHZ ez kobratzea eskatzen zuen, bigarrenak hutsik dauden etxebizitzei OHZn %150eko errekargua ezartzea proposatzen zuen, eta azkenik, Legazpin tasa turistikoa ez ezartzea ere eskatu zuten. Bozketan ez zuen hiru emendakinetako batek ere aurrera egin. Bestalde, zabor bilketaren tasarako proposamen bat ere egin zuen taldeak, sorkuntzaren arabera kobratzearena.
Arloko zinegotzi Oscar Valbuena sozialistak erantzun zion gai hori dagoeneko mahai gainean duela hondakinen kudeaketaz arduratzen den Sasieta Mankomunitateak, eta industriarekin hastekoa dela horrelako neurria hartzen. Valbuenak, bestalde, txalotu egin zuen hainbat hobari ezartzeko genero indarkeriaren gaia sartu izanagatik.
EH Bilduk, azkenik, zergak eta tasak udalarentzako urteko diru sarreren zati bat direla eta trukean herritarrei zerbitzu publikoa ziurtatu behar diela gogoratu zuen, eta nabarmendu zuen jardun horretan berdintasunak eta justizia sozialak, eta trantsizio ekosozialak lehentasuna izan beharko luketela. Hain zuzen, ildo horretan kokatu zituen ordenantza fiskal berriei egindako ekarpenak, bereziki hobarien arlokoak.













