Udazkena, udari lekua kendu ezinik
Urtaro zaharreko produktuak ez dira agortu oraindik, eta kuia, babarrun, aza eta sagarrekin batera, lekak, tomateak edo piperrak erosi daitezke oraindik ferian. Gaur, txaiota eta pak choi aza izan dira berriak.
Udazken bete-betea da Ordiziako ferian. Hala erakusten dute behintzat Plaza Nagusiko postuek, urtaro honetako produktuz beteta ikusten direlako azken asteetan, oraindik udako batzuk geratzen diren arren. Kuiak, azak, sagarrak, indabak edo gaztainak ugaritzen ari dira, baina oraindik lehia gogorra dute leka, piper, berenjena edo tomatearekin. Baina izan udakoak edo izan udazkenekoak, zer erosi badago, ugari gainera, eta postuak kolorez beteta daude.
Gaur berritasun batzuk ere iritsi dira, bi produktu berri nabarmenenek kanpoko jatorria badute ere. Pak choi edo txinatar aza izan da horietako bat, eta Zeraingo Mendarte baserriko Jokin Intxaustik jarri ditu pieza batzuk salgai, txikiak oraindik. Bezero batek plazako beste puntatik ikusi eta erostera joan zaiola esan du, kanpotik iritsitako produktu honek estimazioa ba ote duen galdetutakoan. Bai, saltzen da, argi dago. Lehenengo pak choi hauen prezioa euro batekoa zen, esan bezala txikiak zirelako.
Eguneko beste berritasun bat Arantxa eta Maite Zurutuza ahizpen postuan aurkeztu dute, txaiota, hori ere kanpoko jatorrikoa, Hego Amerikakoa hain zuzen ere. Txalota ferian lehen aldiz ikusi zela ez dira urte asko, baina aireko patata gisa ere ezagutzen den fruta honek lortu du bere lekua egitea bezeroen artean. Kiloa 4 euroan zegoen.
Perretxikoak eta zitrikoak
Perretxikoak ere udazkenekoak dira, batzuk behintzat. Azken asteetako euriarekin hemen inguruan ere badago, eta onddoak hasi dira, baita barrengorriak edo txanpinoiak ere, zelaietan. Baina feriara, gaur behintzat, inguruko onddorik eta txanpinoirik ez da iritsi.
Hau izan da Lasaren eta Barcinaren artean osatu duten eskaintza: 90 kilo onddo (27-40 euro artean kiloa), 26 kilo ziza hori (20 euroan), 12 kilo niskalo (18-28 euroan) eta 8 kilo mendiko angula (28 euroan).
Bestetik, Valentziako zitrikoek ere garai honetan hasten dute denboraldia, eta mandarina (1,5-3,95 euro) eta granada duela aste batzuk iritsi baziren ere, laranjena gaurko kontua izan da da: kiloa 1,95 eta 3,5 euro artean dago. Klementina ere iritsi berria da (3,5-4,95 euro), eta limoi berriak ere hasi dira (3,25-3,95)
Gazta txapelketa, bisitak eta giro bikaina
Gaurko feriak lehia estua izan du La Leze gaztandegiak irabazi duen Ordizia Txapeldun gazta lehiaketarekin. Euskal Jaietako lehiaketan irabazi duten azken hamar ekoizleei zuzenduta, bederatzi gazta aurkeztu dituzte azkenik gaurko hitzordura, eta epaile lanetan jardun dutenez, gaztaren kofradiakoez eta komunikabideez gain, erakarri du ekitaldi honek jendea herrira, bideoan ikusi daitekeenez.
Bestela bisitan joandako taldeak ere izan dira gaur Plaza Nagusian eta inguruko kaleetan. D’Elikatuz zentroko gidarien esanetara ibili dira Basqye Culinary Centerreko ikasle talde bat, eta Donostiako Cebanc ikasketa zentroko dietetikako ikasleak.















