Batzar Nagusiek atzera bota dute EH Bilduk Legazpi-Donostia autobus lineari buruz aurkeztutako ebazpen-proposamena
Lineako autobus guztiak Legazpiraino iristeko eskatzen zuten dokumentuan. EAJk eta sozialistek aurka bozkatu dute. Eskaera bera egiten zuen udal mozioa EAJk onartu zuela gogoratu dute, eta autobus linea horren inguruan "kontraesan politikoa" agerian utzi izana egotzi diote.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute GO07 lineako zerbitzu guztiek Legazpin geldialdia egiteko EH Bilduk aurkeztutako ebazpen-proposamena. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako batzordean aurkeztu dute dokumentua, eta EAJren eta PSE-EEren aurkako botoek eragotzi dute aurrera egitea, gaur goizeko bileran.
EH Bilduren ustez, emaitza horrek “agerian uzten du Legazpiko herritarrek garraio publikoaren arloan egindako eskaera”, eta koalizioak “bereziki” kritikatu du GO07 linearen inguruan “agerian geratu den kontraesan politikoa”. Maiatzean Legazpiko Udaleko osoko bilkuran eduki bereko mozioa onartu zutela ekarri dute gogora: orduan EH Bilduren, EAJren eta Legazpiko Berdeaken babesa jaso zuen, eta alderdi sozialista
abstenitu egin zen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, ordea, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta ondorioz, proposamenak ez du aurrera egin.
EH Bilduk Eric Galvez Legazpiko alkatearen jarrera ere kritikatu du, ebazpen-proposamenaren aurka egin duelako. EH Bilduren ustez, “alkateak koherentziaz jokatu behar du, eta Legazpiko herritarren interesak defendatu behar ditu erakunde guztietan”.
EAJk eta PSE-EEk osoko zuzenketa bat aurkeztu dutela ere gogoratu dute, Aldundiari Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzen dituen GO07 lineako zerbitzuek Legazpin geldialdia egin dezaten erraztuz eskatzen duena. EH Bildu abstenitu egin da, “erraztea eskatzea ez delako nahikoa, neurri hori gauzatzeko konpromiso zehatzik hartzen ez bada”.
EH Bilduren ustez, “ulertezina” da Legazpiko alkateak “herriarentzat garrantzitsua den eskaera” honen aurka egitea, “are gehiago kontuan hartuta EAJ Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuare nparte dela eta, beraz, mugikortasunaren arloko erabakietan erantzukizun politikoa duela”.
GO07 linea 2025eko apirilaren 28an jarri zuten martxan, Goierri garaia, Goierri behea eta Donostia autobusez lotzeko. Hala ere, zerbitzu guztiek ez dute Legazpin geldialdirik egiten.
EH Bilduren arabera, Legazpitik abiatu diren zerbitzuek izan duten harrerak “argi erakusten du herrian badagoela benetako eskaera”. Gainera, Legazpi eta Zumarraga arteko distantzia laburra izanik, ez du “erabakia justifikatzen duen azalpen tekniko argirik” jaso.
Garraio publikoa “benetako alternatiba izan dadin”, zerbitzuek “fidagarriak eta koordinatuak” izan behar dutela uste dute, “herritarrek lanera, ikastera eta osasun-zerbitzuetara garaiz iristeko aukera izan dezaten”. Horregatik, azpimarratu dute, GO07 lineako zerbitzu guztiek Legazpin geldialdia egitea eskatzen jarraituko dute.













